GARA > Idatzia > Osasuna

Medikuek Milosevic eta Valdoren eboluzioa ona dela diote

GARA | IRUÑEA

Hiru jaiegunez gozatu eta gero, hurrengo asteetako egutegia, berriro ere, kontzentratua datorkio Osasunari.

Denboraldian zehar argi geratu denez, halakoetan oso garrantzitsua da talde zabala edukitzea eta, ildo horretan, Osasunak berri onak jaso zituen atzo, erizaindegiak haibat bezero galdu baititzake datozen egunotan. Valdo eta Milosevici erresonantzia magnetikoa egin zieten atzo eta, horren arabera, beren eboluzioa ona da. Oso gutxi barru jasoko dute, beraz, alta jokalari biek. Atzo arratsaldean, gainera, Webo itzuli zen eta gaur gauza bera gertatuko da Nekoumanekin, biak beren selekzioekin kontzentratuta egon eta gero.

Taldekideek lan saio bikoitza egin zuten atzo, Sevillaren aurkako partida zaila prestatzeko asmoz. Are zailagoa izango da Jose Angel Zigandak Milosevic, Valdo, Delporte, Josetxo, Cuellar eta Soldado ezin izango dituela erabili kontuan hartuta.

Lasaikeririk ez

Gorritxoak, hala ere, baikor azaltzen dira. «Taldea gogoz aritu da -esan zuen atzo Miguel Flañok-. Rangers eta Athletic gainditu ondoren, gainera, gure konfiantza asko hazi da eta, momentu honetan, egoera lasaiean gaude».

Lasai bai, baina lasaikerian erori barik, Osasunak ez baitu oraindik bere helburua eskuratu. «Asko daukagu jokoan oraindik -onartu zuen defentsa nafarrak-, 42 puntutaraino heldu behar baitugu maila mantentzea ziurtatzeko. Sevillaren aurkako puntuak, beraz, oinarrizkoak dira, eta hori nabaritu egin behar da zelaian».

Flañoren ustetan, motibazio hori ezinbestekoa izango da «oso talde on» bati aurre egiteko. «Sevillak hiru txapelketetan jarraitzen du, oso partida onak eginez. Oso talde orekatua dauka eta jokalariak freskura eta erritmoarekin daudela ikusten da. Horren guztiaren ondorioz, konfiantzaz etorriko da, partida zailago eginez. Adi-adi egon beharko dugu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo