Gerrari buruzko erakusketa irekiko du Gerediagak Durangon
Gerediaga elkarteak «Guda zibila Durangaldean" izena duen erakusketa prestatu du Durangoko bonbardaketaren 70. urteurreneko ekitaldien barruan. Hainbat argazkik, grafikok, sasoiko dokumentuk, egunkarik eta hornidura militarrek osatzen dute.
GARA | DURANGO
Durangoko Arte eta Historia Museoak erakusketa irekiko du ``Guda Zibila Durangaldean'' izenburuarekin datorren larunbatean, hilak 31, udalerria bonbaz erasotu zuteneko hirurogei urte betetzen diren egunean bertan. Erakusketa egoitza horretan izango da ikusgai datorren apirilaren 28ra arte.
Gerediaga elkarteko iturriek jakinarazi dutenez, ekimen honek 1936 eta 1937 urteei begiratzen die, gerrak Durangaldean utzitako ondorioak aztertzeko. Horretarako, hogei bat argibide-taula jarriko dituzte, 1936. urteko uztailaren 18ko altxamendutik 1937. urteko maiatzaren 22ra bitartean eskualdean izan ziren gertaerak erakusteko. «Egun horretan, Mola jeneralaren tropek Mañaria herria hartu zuten, Durangaldean Eusko Gobernuari babesa ematen eta errepublikarren legea betetzen zuen azken herria, alegia», gogoratu dute antolatzaileek.
Argibide-tauletan argazkiak eta grafikoak izango dira nagusi, horien bitartez gertatukoek zer ondorio izan zituzten erakusteko. Horien osagarri bezala, sasoiko dokumentu, egunkari eta hornidura militarrak erakutsiko dituzte, tartean, Durangon bertan egindako granada bat. Material horiek guztiak hainbat bildumazalek, norbanakoek eta erakundeek utzitakoak dira.
Erakusketa honen aitzakiaz, Durangoko Gerediaga elkarteak izen bereko liburuxka kaleratuko du. Gainera, erakunde horrek bonbardaketari buruz argitaratu dituen obrak ere www.gerediaga.com webgunean on-line kontsultatzeko moduan sareratuko ditu laster.
Hitzaldia Iñaki Egañarekin
Bestalde, Durangoren aurkako bonbardaketaren hirurogeita hamargarren urteurreneko ekitaldien artean, asteazken honetan hitzaldia eratu du Gerediagak. Iñaki Egaña historialariak eskainiko du mintzaldia, ``Gerrako historien egoera'' izenburuarekin.
Iñaki Egaña Euskal Herriko historiaren gaineko hogei liburutik gora idatzi ditu. Egunkarietan eta aldizkarietan sinaturiko artikuluak ere asko dira, gaur egungo Euskal Herriko historiari buruzkoak, azken horiek.
36ko Gerran espezializatuta, besteren artean, ``1936ko Gerra Zibila Euskal Herrian'' entziklopedia zuzendu du Durangon izango den hizlariak.
Memoria historikoa berreskuratzeko erakunde eta elkarte askorekin kolaboratu du, horien artean, Aranzadirekin, fusilatuen eta desagertuen aztarnak bilatu eta berreskuratzen, hain zuzen ere.
Durangon emango duen hitzaldian 36eko gerran desagertu zirenen gaineko ikerketak eta sasoiko gudarien gaur egungo egoera zein den azalduko du. Iñaki Egañaren hitzaldia Elkartegian izango da, arratsaldeko zazpi t'erdietan hasita, antolatzaileek iragarri dutenez.
Argibide-taulen bidez, argazki eta grafikoak erakutsiko dituzte Durangoko Museoan, gertakariak azaltzeko. Gainera, sasoiko dokumentu, egunkari eta hornidura militarrak izango dira ikusgai.
Gerediaga elkarteak liburu bat argitaratuko du erakusketaren aitzakiarekin. Beste lanik ere badu bere katalogoan. Horiek guztiak bere webgunean kontsulta daitezke.