GARA > Idatzia > Kultura

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak 16.000 euro banatuko ditu

GARA | DONOSTIA

Rikardo Arregi XIX. Kazetaritza Sariak aurkeztu zituzten atzo Donostian. Aurtengoan, hiru izango dira banatuko dituzten sariak: Nagusia, Xabier Laka eskultorearen garaikurraz eta 9.000 euroz hornitua; Kazetari Berria saria, garaikur eta 3.000 euro garbirekin saritzen dute; eta Epaimahaiaren sari berezia, 4.000 euroz hornitua dagoena.

Lanak aurkezteko epea maiatzaren 25ean bukatuko da, eta sariak ekainaren 30ean banatuko dituzte, Andoainen. Euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea da deialdi honen xede nagusia.

Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Toñy Landa Andoaingo Udaleko Hizkuntza Normalizaziorako batzordeburua eta Lorea Bilbao Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako aholkularia izan ziren sariok aurkezteko arduradunak.

Euskarazko lanei sariak

Aipaturiko sariez gain, egoki eta beharrezko iritziz gero, Aipamen Berezia egiteko aukera izango du epaimahaiak. Halaber, euskal kazetaritzaren historian ezinbesteko erreferentzia izan diren erakundeei, ekimenei eta pertsonei Ohorezko Aipamena egiteko aukera ere izango du epaimahaiak.

2006ko maiatzaren 16tik 2007ko maiatzaren 15era bitartean egunkariak eta aldizkarietan edo irratietan eta telebistetan euskaraz plazaratu izan diren lanek, hala nola aipatu epe eta komunikabide horietan kazetaritza-lanak plazaratu dituztenek saria eskuratzeko aukera daukate. Lan bakoitzeko seina kopia igorri behar dira Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzura.

Allande Boutin hainbat urtez epaimahaikide jardun ondoren, lekua utziko dio Agustin Errotabehere kazetariari. Mahaiburua Jose Antonio Perez Gabarain Andoaingo alkatea izango da, eta mahaikideak, Jose Inazio Basterretxea, Agustin Errotabehere, Aitor Zuberogoitia, Arantxa Urretabizkaia eta Ana Urkiza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo