GARA > Idatzia > Musika

Euskarazko metala jorratu du Nuke taldeak beraiek ekoitzitako diskoan

 

GARA | DONOSTIA

Oihan Lizaso zumaiarra (abeslaria), Joseba de Arriba ordiziarra (gitarra), Iñaki Rodriguez legorretarra (gitarra), Xuban Epelde azkoitiarra (baxua) eta Artz Etxeberria zestoatarra (bateria) dira Nuke taldeko partaideak. Taldearen izen bereko lehenengo diskoa kaleratu berri dute, eurek ekoitzia, eta metala euskaraz jorratu dute, diskoak dituen hamabi kantuetatik hamar euskaraz baitaude. Beste biak, ingelesez: «Sing for death» eta «Just alone» izenekoak. Lehenarekin, hain justu, maketa kaleratu zuten 2004an Euskadi Gaztea irratiko XV. Maketa Lehiaketako entzuleen saria irabazi ostean.

Lau urte hauetan hainbat aldaketa jaso dituzte -bi partaide berri sartu dira eta batek utzi du taldea- eta baita emanaldi ugari eskaini ere. «Saio asko egin ditugu eta diskoaren prozesu guztia gure kabuz egin dugu, horregatik denbora asko behar izan dugu», Oihan Lizasoren hitzetan. Ukitu komertzailetik alde egin nahi izan dute beren kabuz ekoitzitako lan honetan. Azpeitiko Zubizar etxean dute probasaioetarako lekua eta bertan grabatu zuten diskoa. Apirilaren 27an Azkoitiko Zurt tabernan zuzeneko lehenengo emanaldia eskainiko dute. Diskoaren banaketa Elkar etxeak egingo du, eta baita laster taldearen webgunean (www.nuketaldea.com) ere.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo