GARA > Idatzia > Musika

Disko berriak

Kaleko emakumeen doinuak

Aritz Sound System

Emakume langilearen nazioarteko egunaren oihartzuna itzaltzen hasi den honetan, emakumeek abestutako kantu ederrekin osatutako diskoak aurkeztera gatoz. Gizarteko arlo gehienetan bezala musika munduan ere, emakumeak bigarren maila batera baztertuta gelditu izan dira. Loreontzi modura, gizonezko abeslari nagusiaren laguntzaile izan dira askotan, dantzari lanetan, eta, abesteko «ausardia» izan dutenean, koro goxoak egitera mugatu dituzte.

Zorionez, asko dira paper horietara mugatu ez diren emakume artistak. 70eko. hamarkadan, adibidez, funk musikaren energiak kutsatuta, emakume afroamerikar askok herri beltzaren eta emakumeen eskubideen aldeko garrasia egin zuten, izerditan blai. Herri eta kultura desberdinetako emakume abeslariak aurkituko ditugu «Women of the World Acoustic» izeneko bilduma honetan; Txekiar Errepublika, Brasil, Cabo Verde, Kroazia, Kolonbia, Kamerun, Kanada, Grezia, e.a. Ez dira mundu mailan famatuak eta ez dute musika industriak bultzatutako panpinekin antzekotasunik. Postaleko irudiak baino kaleko emakumeak dira eta kezkatzen dituzten gauzez abesten dute. Musika sentimenduak adierazteko tresna ezin hobea dela esan izan ohi dugu, eta disko honetan emakumeek duten sentikortasuna azalarazten da modu akustikoan plazaratuta. Disko honen salmenten zati bat emakume eta haurren eskubideen alde lan egiten duen nazioarteko erakunde bati emango zaio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo