GARA > Idatzia > Ikusmira

Korrika arrakastatsua, eguraldia gorabehera

Korrikak azken txanpari ekin dio eta argi geratu da dagoeneko, Euskal Herrian, jakina, eta mundu zabaleko hainbat tokitan ere ematen zaion atxikimendua ez dela azaren azpiko orria. Hasi zen egun beretik bidean lagun izan duen eguraldi kaskarrak ez du lasterketako parte hartze handia galarazi, aurten elurra eta euria presente egon badira ere, ez baitiete protagonismorik kendu Korrika osatzen duten milaka herritarrei. Edonola ere, haien artean euskal emakumeek distira berezia izan dute, euskarak gaur egun arte iraun izanak, hainbatek aspaldian eta ez hain aspaldian ezinezkotzat jotako lan gaitz horrek, emakume horiek baititu protagonista nagusi. Igandean Iruñeak hartuko du euskararen lasterketa irudikatzen duen herri ekimen horren bukaera jai giroan. Korrika jaia baita, ikuskizuna; baina baita aldarrikapena ere, eta gogorarazi beharra dago bere helburuetako bat dirua biltzea dela. Aurten bildutakoa Iruñean eta Baionan euskaltegi berriak irekitzeko erabiliko dute, Euskal Herrian dauden administrazioek ez baitute euskararen irakaskuntza bermatzen. Euskal herritarrak izan dira eta dira euskararen bermerik onena, askotan administrazioei dagozkien betebeharrei ere helduz. Eta, hain zuzen, «Heldu» du leloa aurtengo Korrikak. Euskararen aldeko konpromisoari, euskarari berari heltzeko deia, alegia. Ezin ukatu erantzun ona izan duenik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo