Blanca IZKUE Musikagintzako langilea
Eszenatokiak ere badu bere erotika
Batzuek musikariak gertutik ikusteko desioa baino, beharra dutela ematen dute, behar beldurgarria. Sekula ikusi dudan harrigarriena neska koitadu harena izan zen, Gurutze Gorrikoek laguntzera joan behar izan zutenekoa: «Zer du ba, sekulako atxurra ala?". Eta beraiek: «Ez horixe! Burua galdu du; abeslariarekin egon nahi duela, bestela edozein gauza egiteko prest dagoela esan du!".
Boterearen erotikaz jabetuak ginen, baina azkenaldi honetan eszenatokiak jendea erakartzeko duen ahalmenaren ideia darabilt buruan. Taula gainean ikusita, altuagoak eta ederragoak irudikatzen ditugu musikariak, gure izartegiko izarrak bihurtzeraino. Eta mitoak bilakatuz, hedabideek zein jarraitzaileek, konturatzeke, haien intimitatea hausten ari gara. Joan den astean, lagun dudan talde batek eskaini behar zuen kontzerturako ordu erdi eskas falta zelarik, tupustean, artisten geletan kazetari bat agertu zitzaien, «galdera pare bat besterik ez» ziela egin nahi, eta di-da batean bukatuko zuela esanez. Jakina, kazetarien eginkizuna ezinbestekoa dugu musikarien lana jendearengana helarazteko, baina talde bat kontzertua hastear dagoela intimitatearen muga hori zeharkatzea demasekoa iruditzen zait. Kontzertu horretan bertan, txarteldegian, honela aditu nion neska bati: «Bai, taldea baino, abeslaria gustatzen zait. Badakizu, kristoren mutil puska da eta...». Kazetariak zein neskak taldearengandik bilatzen zutena lortu zuten: batek elkarrizketa, besteak ikuskizuna. Taldekideen ezagun askok ere halako sentiberatasun falta erakusten dute maiz, inork gonbidatu gabe, agurtzeko xede oportunista soilarekin aldageletan agertzen direnean. Zer esanik ez haratago doazen fan horiez. Batzuek musikariak gertutik ikusteko desioa baino, beharra dutela ematen dute, behar beldurgarria. Sekula ikusi dudan harrigarriena neska koitadu harena izan zen, Gurutze Gorrikoek laguntzera joan behar izan zutenekoa: «Zer du ba, sekulako atxurra ala?». Eta beraiek: «Ez horixe! Burua galdu du; abeslariarekin egon nahi duela, bestela edozein gauza egiteko prest dagoela esan du!».
Bestelako pasadizo bitxiak ere ezagutu ditugu. Familia ezezagun bat musikari baten etxeko atarian agertu zen, txirrina jo eta bera ikustera etorriak zirela esan zioten. Semea bere jarraitzaile sutsua zela eta, mesedez autografo bat sinatzera jaisteko.
Fetitxistak ere baditugu. Joera handiagoa dago taldeen logotipoaz apainduriko kamisetak erosteko haien diskoak baino, kamisetak prezio berekoak edo garestiagoak izanda ere. Edo lehenengo lerroko jarraitzaile horiek, kontzertu osoan zehar oihu baten daudenak, eztarriak urratzeraino, zertarako eta bateriari makila bat edo gitarra-jotzaileari plektro bat eskatzeko. Afera zera da, oroigarri bat etxera eramatea lagunei erakutsi ahal izateko.