AUTOMOBILISMOA Mendi lasterketak
Munduko talde onena izan nahi du Vilariño Motorsportek
Istripu larri baten ondorioz iazko denboraldia ia osorik galdu ostean, Ander Vilariñok Europako Mendi Txapelketa irabazi nahi du aurten bigarrenez
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Vilariño Motorsport automobilismo taldeak munduko onena izan nahi du bere espezialitatean: mendiko lasterketetan. Anbizioz betetako helburu hori lortzeko bidean, taldeak atzo egin zuen Donostian urtero egin ohi duen aurkezpena.
Andres, Ander eta Angela Vilariñok osatzen dute taldea Gorka Apalantzarekin batera eta, bakoitzak bere esparruan, garaipena beste helbururik ez du. Ander eta Angela, bereziki, datorren apirilaren 15ean Italian hasiko den eta guztira 13 proba izango dituen Europako Mendi Txapelketara begira dira jada.
Anderrek, iaz izandako istripu larriaren ostean, 2005ean lortutako titulua berreskuratu nahi du. Sei garaipen eta bigarren postu bat eskuratu zituen orduan, bost probatan denborarik onena eginez. Angelak, berriz, iaz egindako lana berdindu nahi du eta, ahal badu, hobetu. Lehen emakumezkoa izan zen 2006an eta aurten prototipo berria prestatu dio Norbert Santosek, Le Mans eta Daytonan aritutako autogile frantsesak.
Vilariño eta Apalantzak, bestetik, Estatu espainoleko Mendi Txapelketan buru-belarri sartuta dabiltza jada. Bereziki deigarria da Andresen lana. Urte batzuk kanpoan egon eta gero, lehiaketara itzulera ikusgarria betetzen ari da aurten, parte hartu duen lasterketa guztietan garaipena lortu eta marka onena eginez. Apalantzak, berriz, aurten ere Estatu espainoleko titulua irabazi nahi du bere Speed Car-arekin.
Erresistentzia
Aurten taldeak beste urrats bat egin nahi du bilakaeran. Erresistentzia lasterketetan burua sartu nahi dute eta horretarako lagungarria izango da Santosek egindako Norma M20F prototipoa. Andres ez zuen ezkutatu Vilariñotarrek osatutako talde batekin Le Manseko 24 orduetan parte hartzeko ametsa.