GARA > Idatzia > Kultura

Gabriel Arestiren ipuinak euskara batura ekarri dituzte

Gabriel Arestik literatur genero guztiak landu zituen. Sei dira idatzi zituen ipuinak, 1957 eta 1962 bitartean, urtez urte, «Egan" aldizkarian azaldu zirenak. Xabier Monasteriok sorta hori euskara batura ekarri eta liburu batean berrargitaratu ditu.

Izaskun LABEAGA | BILBO

Gabriel Aresti olerkari bezala goraipatu dute, gehien bat. Ezezagunagoa bada ere, beste ekoizpenik izan zuen poesiatik kanpo: saiakera, antzerkia edota eleberria landu zituen hizkuntzalaritza eta itzulpengintza arloetan ere aritu izan zen.

Gainera, sei ipuin plazaratu zituen. Ordura arte ohikoak ez ziren arloak, pertsonaiak eta gertalekuak aurki daitezke bere testuetan, gai unibertsal eta pertsonaia urbanoak.

Horiek ``Egan'' literatura aldizkariak argitaratu zituen, 1957 eta 1962 bitartean. Urte desberdinetan idatzita daude baina lotura bat soma daiteke haien artean. Alegietara hurbiltzen dira; irakaspen bat zuzentzen diote irakurleari. Ipuin bakoitzari jarri zion azpitituluak argiro iradokitzen du asmo hori.

Gai unibertsalen zale

``Umezurtz aberatsak gabonetan jolastu nahi'', ``Olerkaria'', ``Jainkoa jaio da Otxarkoagan''', ``Gure eguneroko beharra'', ``Andre Madalen maitemindua'' eta ``Abertzalea'' dira Xabier Monasteriok bildu eta berriro jarri direnak kalean Ikeder argitaletxearen eskutik.

Ipuinak Bizkaiko hiriburuan girotu zituen egileak. Duela berrogei urteko Bilboko giza geografia eta paisaia erraz atzeman daiteke irakurgaiotan. Gabriel Aresti, ordea, «ez da lokalismoetan jausten», nabarmendu zuen atzo Xabier Monasteriok, nonahin dauden gizakiei dagozkien kezkei buruz mintzo delako bere ipuinetan.

Abenduan kaleratu zuten lehenengo edizio bat eta bigarrena da, hain zuzen ere, orain merkaturatu izan dena, Xabier Monasteriok liburuaren aurkezpenean azaldu zuenez. Argitalpenaren arduradunaren irudikoz, «alegi antzeko ipuin mingots» horiek ez dute gaurkotasunik galdu.

Arestik erabili zuen hizkuntza, berriz, oztopo bilaka daiteke zenbait irakurlerentzat, Monasterioren aburuz. Hala, ipuinak moldatu eta batura ekarri ditu euskara ozta-ozta dakienarentzat ere eskuragarri egon dadin olerkari bilbotarraren emaria. «Jatorrizko ipuinak dira baina ez jatorrizko eran emanda», bere hitzetan. Hizkuntza eguneratuarekin datoz. Azala aldatu baina ««mamiaren aldetik zeharo arestiarrak dira», nabarmendu zuen. Ziur da ipuin moldatuena bestela Aresti sekula irakurriko ez luketen irakurleengana iristeko modua izango dela.

Monasteriok klasikoen moldapena defendatu zuen. «Herri batzuek egiten dute», esan zuen. Jarrera horrek hebreeraz eta ingelesez idatzitako obren hedapena erraztu duela esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo