GARA > Idatzia > Euskal Herria

Presoen eskubideen kontrako erasoak eta eskubide urraketak ugaritu dira

Kolpeak, zigorrak, konfinamenduak, DNA probak egin behar izatea edo dokumentu guztien itzultzearen ukazioa izan dira azken egunotan hainbat euskal preso politiko eta errepresaliatuek izan behar izan dituzten egoera lazgarriak. Mobilizazioak ugariak izan ziren atzo.

GARA |

Ezaguna da euskal preso eta errepresaliatuek bizi behar dituzten baldintza gogorrak, horren erakusle azken aste honetan izandako hainbat egoera errepresibo.

Atzo, Arrasateko Askatasunak prentsaurreko baten bitartez salatu zuenez, Igor Letona herriko presoa, orain dela bi aste Nanterreko kartzelan jipoitu zuten. Errepresioaren kontrako erakundeak jakinarazitakoaren arabera, hiru zaintzaileek Letonari biluzteko agindua eman zioten, eta horretara ukatu ondoren bere ziegan jipoitu zuten.

Horren ondorioz, preso arrasatearrak handidurak eta ubeldurak zituen gorputz osotik. Bestalde, Kepa urra, Premin San Pedro, Jose Gabriel Urizar, Txus Goikoetxea eta Luis Mari Azkargortak presoek ere zigorrak jaso dituzte. Gainera, Kristina Larrañaga arrasatearrari Estatu frantsesean 9 hilabetez preso egon ostean, bertako agintariek Azkainen bizitzera derrigortu dute eta dokumentu guztiak kendu egin dizkiote.

Gomez, Meusen konfinatua

2004an atxilotu ondoren, Fresnesko presondegian hiru urte espetxeratua egon ondoren, Estatu frantsesak Estatu espainolak Aner Gomezen gainean eskatutako euroaginduari uko egin zion. Geroztik, erretentzio zentru batetan mantendu dute. Gauzak horrela, iragan den martxoaren 24an Estatu frantsesak, Gomez, Meuseko Departamentu Bar le Duch eskualdean konfinatzea erabaki zuen. Altamira auzoko bizilagunak ezin du eskualde honetatik atera eta egunero polizia-etxera sinatzera joan behar du. Askatasunak jakinarazi zuenez, Gomez egoera horretan mantenduko dute beste herrialde batera joango dela ziurtatu arte.

Bestalde, atzo presoen aldeko mobilizazio eguna izan zen Euskal Herriko hainbat txokotan. Horrela, Leioako campusean ikasle presoek ikasteko duten eskubidea aldarrikatu zuten 35 lagunek. Hortaz gain, Gernikan 80 lagun bildu ziren Jorge Etxebarrietak jaso duen hiru urteko zigorren aurka. Gipuzkoan berriz, Grosen 70 pertsonek presoen eskubideak errespetatzea exijitu zuten.

Dna probak

Asier Larrinaga eta Garikoitz Etxeberria presoak Auzitegi Nazionalera eraman zituzten atzo. Biak deklaratzeari eta DNA probak egiteari uko egin diote. Hala ere, epaileak bi neurri horiek hartzea erabaki zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo