GARA > Idatzia > Euskal Herria

Urte askotarako AHTren aurkako «borroka» antolatzeari ekin diote

Lau urte barru, RFF AHT linea berria bultzatzen duen egiturak proiektua aurrera eramateko inkesta publiko bat bideratuko du. Hari begira, herritarrak CADE kolektiboaren bitartez elkarteetan antolatzen hasi dira. Proiektuari buruzko informazioa zehazki herritar guztiei helarazteko asmoa dute. Bost urteko «borroka luze» batean sartu direla onartu zuen Uztaritzen sortu berri duten elkarteak. Linea berriaren egitasmoa bertan behera uztea nahi du.

Ainize BUTRON |

Joan den martxoaren 8an eman zuen RFF Estatu frantseseko burdinbide sarearen kudeatzaileak bere erabakiaren berri; hau da, AHT eta salerosgai trenak ibilarazteko Lapurdi zeharkatuko duen tren linea berria eraikiko du.

«Erabaki horrek Uztaritzeko herritarrak asko kezkatu ditu», adierazi zuten egitasmo horren aurka atzo sortu zuten ingurumena babesteko Uztaritzeko elkarteko kideek.

RFFk hartu azkeneko erabakiak askoren beldurra areagotu du, nahiz eta linea berriari buruz lau hilabetez iraun duen eztabaida publikoko bilkuretan parte hartu duten ehunka herritarrek proiektu horrek pizten zuen kezka agerian jarri duten.

«Bilkuretan boz asko entzun dira egitasmoaren aurka, alta, erabakia hartzeko RFFk ez ditu kontuan hartu. Zer nahi gisaz, hasieratik argi zegoen egiturak linea berriaren alde egina zuela», adierazi zuten elkarteko kideek.

Lau hilabetez aldarrikapenak helarazten saiatu dira, eta indarrak biltzeko, lekuz leku elkarteetan batzeari ekin diote. 1992an izandako lehendabiziko AHT proiektuaren garaian Mugerreko, Ahetzeko, Arbonako eta Bidasoa aldeko elkarteak sortu ziren, eta horiei gehitu zaie Uztaritzeko elkartea, atzo lehen aldiko bildu zena.

«Kezka nabaria da. Herritar guztien ahoan proiektua aipagai dago. Bilkuretan parte-hartzea handia da», jakinarazi zuen Victor Pachon CADEko ordezkariak.

Herritarrak mobilizatzeko duten nahikeriaren lekuko izan zen joan den martxoaren 23an Uztaritzen CADE ekologista elkarteen kolektiboak antolaturiko lehendabiziko informazio bilkura.

Seiehun bat lagun zeuden bertan, eta horietarik ehun baino gehiagok egitasmoari aurre egiteko sortu duten elkartean sartzea erabaki zuten.

«Bilkuran ehun bat lagunek eman dute izena, eta egunero bazkide berriak ditugu. Kideen %90 Uztaritzeko jendea da. Kopuru hori handituko dela pentsatzen dugu», aipatu zuen Andde Garo elkarteko kideak. Proiektuaz herritarrak informatu eta lau edo bost urte barru egitasmoa aurrera eramateko asmoarekin, RFFk bultzatuko duen inkesta publikoaren garaian «borroka antolatzeko» gai izatea da elkarte berri horren xedea.

Bilgune horren berezitasuna biltzen dituen herritarrengan datza, gainera. «Mota guztietako herritarrak etorri zaizkigu. Batzuk burdinbidea etxeko baratzetik igaroko den beldur dira. Beste batzuk, berriz, aurretik beste elkarte batzuetan ibilitakoak dira», argitu zuen Andde Garok. Bera jada CADE kolektiboko kidea dela adierazi zuen.

Arrazoi anitz

Horien artean dago Roland Grun. Uztaritzen aspaldidanik bizi da, eta horrelako borroka batean engaiatzen den lehenengo aldia dela onartu zuen. AHTri buruzko eztabaida publikoaren garaian Uztaritzen egin behar zuten bilkura baten berri izan zuen, eta bertaratzea erabaki zuen.

«Proiektuaren bitartez, bederatzi hektarea lur desegingo dituzte kilometro bakoitzeko. Urteak iraunen duten obrak bideratuko dituzte, eta horrek kalte izugarria ekarriko du. Horri gehitu behar zaio izango diren milaka herritarren etxe husteak», adierazi zuen uztariztarrak.

Jakinarazi zituzten datuak larriak direla ikusita, «borrokari ekitea» erabaki zuen Rolandek. Egitasmoari begira, bere etxearen kokaguneak kezkatzen duela esan zuen.

Linea berriaren geltokia Santa Barbara eremuan jartzekoa dute, eta haren eta argindar tentsio handiko harien artean du bizilekua. CADE kolektiboak 1992. urteko proiektuan oinarrituta zabalduriko mapen arabera, tren linea berriak bertatik igaro beharko luke.

RFFk proposatzen duen egitasmoa guztiz onartezina dela gehitu zuen Didier Rouget uztariztarrak. «Ziur nago Bordeleren eta Irunen arteko gaur egungo lineak RFFk aipatzen duen tren emendatzea bere gain har dezakeela», adierazi zuen.

Elkartea sortzeko ideia Didier Rouget uztariztarrak bultzatu zuen, eta hark elkartea ez dela arrazoi idealisten ondorioz sortu erran zuen. «Herritarrengan arrangura handia dagoelako sortu dugu», azaldu zuen.

CADE kolektiboak azken hilabeteotan eman dituen argudioak bereak egin zituzten, beraz, elkarteko kideek. Eta, berriz ere, RFFk eztabaida publikoa abiatu zenetik emandako datuak zapuztu dituztela eta gezurretan aritu zela esan zuten. Gezur hori 1992an izandako AHTren lehen proiektuan bizi izan zuten CADEko kideek.

Gaur abiatuko den linea berriaren aurkako borrokak 1992an izan zenari jarraitu baizik ez diola egingo nabarmendu zuten. «Egungo proiektua, garai horretakoa bezala, gezurretan oinarritzen da», nabarmendu zuen Garok.

Egitasmoan jarriko duten dirutza aipatu zuten: «RFF eta frantses Gobernua dirurik gabe daude. Argi da, proiektua bideratzeko dirurik gabe geratuko direla, eta, pribatizatzera behartuak izango direla. Hori gertatu da Bordeleren eta Tours herriaren artean sortu duten burdinbidearekin. Proiektu horri jarraitzen dio Bordele eta Hendaia artean eginen duten linea berriak. Eta, argi da, geroan pribatizatuko dutela».

Burdinbide sarearen kudeatzaileak zabaltzen dituen gezurren artean tunelen eraikitzea zegoela esan zuten. Izan ere, RFFk guztiz argitu ez badu ere, Senperetik Biriatu arte tunela eraikiko dutela uste dute.

«Kontraesan asko»

«AHT eta salerosgaien trenak jaso ahal izateko tunelak eraikitzeak diru xahutze handia ekarriko luke. Gaur egun Estatu frantsesak ez du diru zama hori emateko ahala. Beraz, oso zaila izango zaie Senperetik Biriatu arte tunela eraikitzea bereziki jakinez lur eremu horretan mendixka asko dagoela», erran zuten Andde Garok eta Didier Rougetek.

Egitasmoak Lapurdiko herri gehienetan ibilbideari buruzko zurrumurruak piztu ditu, beraz. Eta, herritarrak ahal bezain xeheki informatzeko, CADE kolektiboak ibilbidearen mapa bat kaleratu du.

1992. urtean atera zen ibilbidea egungo proiektuari buruz bildu dituzten datuekin konparatu ondotik, ingurumena babesteko elkarteen kolektiboak linea berriaren bidea mapa batean finkatu du. Bertan, Uztaritzetik Senpererainoko bidea zehazki agertzen da.

«Kontraesan asko dago RFFren, SNCFren eta proiektua aurrera eramaten duten egituren artean. Mapa hori landu dugu. Oraindik bidea ez dago finkatua. Baina lurraldea ikusita ez dago beste aukera handirik ere. Mapa kaleratu dugu herritarrek ideia bat ukan dezaten, eta bost urte barru, inkesta bideratuko delarik ez daitezen ustekabean hartuak izan», nabarmendu zuen Victor Pachonek.

Mapa hori Uztaritzen egin zuten bileran aurkeztua zuten. Eta, ondoko hilabeteetan Senpereko eta Landetako hegoaldean antolatzekotan diren bilkura publikoetan zabalduko dituzte, gainera.

«Bi eremu horietan elkarteak sortzea espero dugu», esan zuen Pachonek. Tartean, bai Uztaritzen baita beste herrietan sortu dituzten elkarteek apirilaren 14an Hendaian eginen duten AHTren eta «Euskal Y»ren aurkako manifestazioan parte hartzeko asmoa dute. Ondotik lekuz leku antolatu eta ekimenak egiteko asmoa dute.

«Dagoeneko lekuko agintari politiko guztiak proiektuaren alde azaldu dira. Baina ikusita lekuz leku antolatzen ari den oposizioa, geroan horretan bilakaera handia izango dela uste dugu», bukatu zuen erraten Didier Rougetek.

Arrazoi anitz

Elkarteetan antolatzeko arrazoi anitz dago herritarren arabera. Horiek hala, RFFk zabalduriko datuetan dauden kontraesanek bultzatu dute batez ere mobilizazioa.

uztaritze

1992ko AHTren lehen proiektua zela-eta Mugerren, Ahetzen, Arbonan eta Lapurdiko beste hainbat herritan ingurumena babesteko elkarteak sortu zituzten. Uztaritze zerrenda horretan sartu da atzo egindako bilkuraren ondotik.

Pribatizazioa

RFFk eta Estatu frantsesak proiektua finantzatzeko dirurik ez dutela ziur daude Uztaritzeko elkarteko kideak. Tours eta Bordele arteko linea pribatizatzen hasi dira, eta Bordele eta Hendaia arteko linea berriarekin gauza bera gertatuko dela uste dute.

Movilizaciones en Irun-Hendaia y Bilbo

Bajo el lema «Muga guztien gainetik AHT Gelditu!», la Coordinación de Asociaciones de Defensa del Entorno (CADE) de Ipar Euskal Herria y AHT Gelditu! Elkarlana han convocado para el próximo 14 de abril una manifestación que enlazará Irun y Hendaia. Constará de dos columnas que partirán a las cinco de la tarde desde la Feria de Muestras Ficoba de Irun y la estación ferroviaria de Hendaia, para unirse posteriormente en el puente de Santiago y finalizar el acto de protesta en la localidad labortana. AHT Gelditu! Elkarlana anima a la ciudadanía a aprovechar la oportunidad de «aunar esfuerzos en la lucha contra el monstruo desarrollista».

También llama a acudir a la manifestación nacional que tendrá lugar dos semanas más tarde, el 28 de abril, en la capital vizcaina. Su pretensión es «reunir a miles y miles de personas y trasladar un mensaje rotundo a los responsables del proyecto y su imposición». Encabezada por la pancarta «Parad el TAV ahora!», la ciudadanía partirá a las cinco y media de la tarde desde la plaza del Sagrado Corazón.

La plataforma considera imprescindible paralizar el macroproyecto para «crear cauces de información y debate que reconozcan la existencia de sensibilidades y alternativas plurales y permitan devolver la capacidad de decisión a la comunidad afectada». Por eso piensa que son ejemplares las consultas populares que se están llevando a cabo en algunas localidades. La pasada semana, por ejemplo, los vecinos de Atxondo se posicionaron «inequívocamente» contra el tren. Este domingo será el turno de Alegia. Maider IANTZI

Atxikimenduak biltzeko eta AHT ez egiteko eskatzeko manifestua

«AHT Gelditu! Deialdia» da atzo «Euskal Y» proiektuaren aurkako taldeek aurkeztu zuten manifestuaren izena, eta hiru eskaera biltzen ditu: instituzio eta alderdi erantzuleei egitasmoa berehala gelditzeko exijitzen diete; eragin ekologiko, ekonomiko eta sozialei buruzko informazio garbia eta objektiboa emateko galdegiten diete, baita gizarte ereduaren inguruko eztabaida zabalari eta parte-hartzean oinarrituari bide emateko ere.

Plataformaren aburuz, Lakuak eta Madrilek sustatutako Abiadura Handiko Trenaren egitasmoa «antisoziala, antiekologikoa eta baliabide xahutzailea» da. «Konpondu ezingo den kaltea egingo dio Ama Lurrari; hiriburuak bakarrik lotuko ditu eta nekazariak kaltetuko ditu; guztiok ordaindu arren, aurreikusitako ibilbide eta salneurriak aintzat harturik, gutxi batzuek erabili ahal izango dute; gure herrian inoiz ikusitako azpiegitura handiena eta garestiena da; garraioaren hazkundea mugarik gabe bultzatzea du helburu; langileek bizi duten prekarietatea areagotuko du, eta desoreka ekologikoak eta desberdintasun sozialak bultzatuko ditu», arrazoitzen dute dokumentuan. Gainera, inposatutako proiektua dela berresten dute, «informaziorik eta parte-hartzerik gabe jorratzen ari baitira, herritarren bizkar».

Jendeak idatziarekin bat egitea nahi dutenez, herri mugimendu, sindikatu, indar politiko, kultur elkarte eta bertzelako gizarte eragileekin solastatuko dira. Bitartean, www.ahtgelditu.org helbidean sina dezakete nahi duten guztiek.

Informazioa zabaltzen jarraituko dutela adierazi zuten atzo elkarlaneko lagunek. Azpiegitura erraldoiak eraginen lituzkeen kalteei buruz berriki landu duten txostena ezagutaraziko diote gizarteari eta joan den otsailean unibertsitateko irakasle batzuek egindako azterketaren berri ere emanen diote. «Desinformazioa» islatzen du horrek. Maider IANTZI

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo