GARA > Idatzia > Errugbia

Errugbia Heineken Kopa

Bidabe: «Etxean jokatzeak abantaila ematen digu»

Biarrizko jokalariak adierazi duenez, gaur egun talde guztiek oso ongi ezagutzen dute elkar, eta oso zaila da inor ezustean harrapatzea

J.L. | BIARRITZ

Biarritz buru-belarri ari da datorren igandean Northampton taldearen aurka jokatu behar duen Europako Kopako partida prestatzen. Lapurtarrak faborito dira neurketa horretan. Izan ere, lehen fasean ere elkarrekin neurtu dira, eta bi partidak zuri-gorriek irabazi dituzte.

Philippe Bidabe hiru-laurdenaren ustez, etxean arituko direnez, abantaila izango dute. «Garbi dago etxean jokatuta beti izaten dela abantaila apur bat, eta are gehiago, kanporaketa neurketa bakar batean erabakitzen denean. Hala ere, gaur egun talde guztiok ezagutzen dugu elkar. Bideoari esker aurkariek nola jokatzen duten ederki jakiten dugu. Dena dela, Anoetan, 32.000 ikusle alde daudela jokatzeak asko laguntzen du», adierazi du Lapurdiko taldearen jokalariak.

Lehendabiziko fasean bi aldiz irabazi izanak ez duela partida horretarako ezer esan nahi azaldu du. «Gauza bat lehenengo fasea da, eta beste bat, final-laurdenak jokatzea. Hemen, irabazten da edo kalera joaten da; presio handia izaten da. Gainera, elkarren aurka askotan neurtzeak ez du mesederik ekartzen, elkar ongi ezagutzen baitugu, eta aurkaria ezustean harrapatzea askoz ere zailagoa da», esan du Bidabek.

Biarritzek igandean irabazten badu, finalerdiak ere etxean jokatuko ditu, eta hori ere abantaila izango da. Aurkaria, berriz, London Wasps eta Leinster taldeen arteko partidako irabazlea izango da. Norgehiagoka hori apirilaren 21eko eta 22ko asteburuan jokatuko dute, eta Biarritzek baieztatu du irabazten badu, berriro ere Anoetan jokatuko duela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo