GARA > Idatzia > Gaurkoa

Joxean Agirre, Itziar Galardi eta Fernando Arburua Euskal preso politiko ohiak

Zaharrak berri edo Euskal Herri berria

Gatazkaren beroan jaio, hazi eta bizi gara. Zahartzen hasiak gaude gatazkaren ertzetan, eta norbaitek ez badu perimetroa hobeto margotzen, lurrak hartuko gaitu gatazkaren geometria eta geografiaren muga itxietan. Gure alfabetoaren azken letrarekin hasten da ziega hitza, lehenarekin hasten da askatasuna; eta atzetik aurrera egin nahi dugu gogoeta, honekin. Ziegatik askatasunerantz.

Bi estatuen kartzela likitsenak ezagutu ditugu. Klandestinitatearen artegatasuna, komisaldegi- etako oihuen latza, sakabanaketaren partxisa, errepresio gordinaren erakusleihoa, hizkuntza arrotzen harrokeria, agindu ergelen aparra eta herriminaren itzal amaigabea eduki ditugu beti alboan. Bidea eginez, baina erdoilduriko katea guregandik askatu nahian. Gerra kodeetan eman genituen lehen urratsak, eta aurreratutako distantziak bolbora usaina dakarkigu gogora. Mina eta galera ezinbestean lotzen dituena.

Nolanahi ere, urteotan askatasun ezak aztoratu gaitu gehien. Gatazkaren ondorio guztien artean, kartzela edo erbestea ez dira izan, ez horixe, gure ibilbidearen geltokirik gogorrenak. Gutxienez berrehun urtez jarraian Euskal Herriak pairatu duen ukazioaren tamaina hain da handia, non demokrazia eta askatasunaren nortasun zantzuak ezabatuak geratu diren euskaldunon memoriatik. Bizi izan dugunaren mugetaraino iristen bada memoriaren eragina, belaunaldiz belaunaldi demokrazia eta askatasunaren ehundurak soilik ideietan, ametsetan, borrokaren imajinarioan aurkitu du heldulekua.

Inoiz ezagutu ez dugun marko demokratiko baten defendatzaile sutsuak izan gara, zorionez. Horren ezean, gure herriaren izaera antropologia saileko apaletan zegokeen, Guggenheim museoko atzera begirako erakustaldi bihurturik.

Gainera, zoritxarreko aukera horren aldeko aliatu ugari dago Euskal Herrian. Urte luzetan, soluzioen lubakietan ezker abertzalea egon da bakarrik, eskubideen alde hamaika esparrutan borrokatu diren herri sektoreekin batera. Gu ginen biolentoak. Gu ginen bakea ukatzen zuen jendarte gaixotua. Bien bitartean, tiro hotsen upeletik neurrigabe edan eta aberastu direnak badaude egon. PNV eta UPN nagusiki. Nork beretik tiraka, garbi zekusaten konponbide demokratikoaren aukera eta berezkoak zituzten interesak ez zetozela bat. Edo beste modu batera esanda: gaurko soluzioek kinka larrian jartzen dutela beren negozio esparrua.

Beraz, ez da harritzekoa ikustea nola jokatu duten historikoki ezker abertzaleak gatazkaren konponbiderako plazaraturiko eskaintza politiko ezberdinen aurrean: 1976-2007 urteen artean, estatuena ez ezik, eskema zatikatzailea eta autonomista hobetsi zutenen jarrera ere izan da biharko edozein aukera zapuztu duena. Gatazka luzatzeko interesak dituzte bai PNVk, bai UMPk, bai UPN-PPk, bai PSE-PSOEk. Hala ez balitz, termino guztiz demokratikoetan ezker abertzaleak proposatutako markoa indarrean legoke. Eta, onartu beharrean gaude, orain arte ez dugu lortu etorkizun demokratikorako bideak zabaltzeko behar besteko indarrak aktibatzea. Erresistentzia gaitasuna, proposamenak bideratzeko imajinazioa, printzipioetan sendotasuna, indarkeriari zuzen eta tinko erantzuteko prestutasunarekin hornitu ditugu azken berrogei urteotako historia orrialdeak. Baina demokrazia eta bakea irabazteke ditugu.

Egia esanda, ezagutu dugun errepresioa eskola ere izan da. Ez bakarrik etsaiaren katadura eta soslaia ezagutzeko, baizik eta irakaspen historiko eta politiko asko barneratzeko. Izan ere, borrokaren altzoan ibilitakook naturaltasun osoz jardun dugu eguneroko afanean Lapurdi, Araba, Nafarroa Garaia edota beste edozein herrialdetako aberkideekin. Lurraldetasunaren gakoari heldu diogu herritarren borondate librea sutsuki defendatuz. Lehen eta orain, borrokan eta militantzian boluntarioak gara eta.

Beti errespetatu ditugu beste nazio sentimendu eta nazio egituratzeak, hala Espainiakoa nola Frantziakoa. Areago, herri haietatik ere sentitu dugu elkartasunaren haizea aurpegia freskatzen. Eskubideen subjektu haiek, eskubideen subjektu gu.

Eta kontzienteak izan gara, nola ez, marko batetik bestera pasatzeko egin beharreko ibilbidearen konplexutasunaz. Indarrean dauden esparru instituzionalak abiapuntua izanik, herritarrek nahi adina distantzia egin beharko dugula, bai nazio erakundeez, bai egituratze politiko eta instituzionalaz, eta bai eredu sozialaz hitz eginez gero. Hori da, ez besterik, konponbide demokratikorako hogeita hamar urtez Ezker Abertzale osoak proposatu duen eskema politikoaren mamia.

Norabide berean, bi estatuen kartzeletatik eta errepresaliatuen gainontzeko eremu zein adierazpideetatik, bat etorri gara aipatu soluzio bidearekin. Bat etorri prozeduran, garbi utzita euskal herritarron erabakitze ahalmena ez dela negoziagai. Izan ere, bi estatuek argi eta garbi utzi behar dute euskaldunon erabaki demokratikoak errespetatuko dituztela. Hauxe da, dudarik gabe, zartaginaren kirtena.

Josu Jon Imaz, Patxi Zabaleta edo Patxi Lopez bezalako klon politiko errejionalistek ozenki esan dute Anaitasunan aurkezturiko proposamenak ez duela ezer berririk ekartzen eztabaida politikora. Berera ez, noski. Eta, beren zoritxarrerako, arrazoi faltan ez dabiltza. Izan ere, ezker abertzaleak historikoki eskaini duen konponbiderako formula egokitua besterik ez baita. Aldatu dena ez da gure jarrera, euskal jendarteak borondate demokratiko zintzoari ematen dion babesa baizik, eta ataka horretan ongi dakite herriak bat egiten duela soluziorako bide integral honekin.

Paris eta Madrilgo gobernu-jauregi eta legebiltzarretan dago konponbiderako gako garrantzitsu bat: marko demokratikoa errespetatzea. Eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa Garaia, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko autonomien ahalmen politikotik etorriko da proiektu guztiak gauzatzeko aukera. Hau da marko demokratikoaren perimetroa, Euskal Herriko alderdi eta eragileen arteko akordioak ahalbidetu eta edukiz bete beharko duena, hain zuzen ere. Ez dezagun beste inoren esku utzi akordio politikoaren ardura.

Orain ere, besoak zabalik hartu nahi dugu aukera berri hau. Gatazkaren su txiki-handian jarduteak herri honi eman dion eskarmentua gogoan hartuta, marko demokratikoa eraikitzeko proposamenari babes osoa ematen diogu. Haizerik ez dabilen urterako utziko al dugu, bada, askatasuna eskuratzea? Bere eginahalean etsitzen ez duen herri honetan bakea eta askatasuna eskuragarriak dira. Zaharrak berri? Euskal Herri Berria!!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo