GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Astakeria, ostikoa eta legea

Lehendakaria auzipetzea gehiegikeria, izugarrikeria, astakeria... dela entzun genuen berriro astelehenean EAEko Auzitegi Nagusira deklaratzera joan zenean. Bat nator. Areago, Ibarretxe auzipetzea ere gehiegikeria iruditzen zait. Eta beste horrenbeste Lopez eta Ares auzitara eramatea. Gehiegikeria da edonor auzipetzea hitz egiteagatik. Otegi eta Etxeberriari gauza bera egiteak, ordea, ez dirudi horren gehiegizkoa besteena badela esaten duten askoren ahotan. Eta, nik dakidala behintzat, ezker abertzaleko kideak ere hitz egiteagatik deitu zituzten Auzitegira. Hala ere, arrazoi du PPk eta ez legea betiere bete behar dela baina lehendakaria ez dela auzipetu behar uste dutenek. Lakuako Gobernuak epaileen aginduak betetzeko Ertzaintzaren bortizkeria erabiltzen duen era berean, ustez legeak urratzen dituzten hainbat lagun epaileen eskuetan jartzen dituzten era berean, eurek ere eman behar dituzte kontuak Justiziaren aurrean.

Lakuako Gobernuak berak azkenaldiko ostikorik famatuena bere testuinguruan jarri zuen, baina Ibarretxe auzipetzearen benetako testuingurua ez da PPren presioa, baizik eta alderdi horrek, PSOE sukaldari nagusi zuela, prestatu eta zerbitzatu zuen Alderdien Legea, presio bidea ematen diona, Batasuna legez kanpo jarri eta orain ezker abertzalea hauteskundeetara aurkeztea galarazi nahi duena.

Ez da ezezaguna zergatik daukan PPk, Gobernuan zein hartatik kanpo, hainbesteko boterea: tradizioz botere faktikoak esan zaienen ordezkaria delako, inoren botorik jaso gabe Estatuaren norabidea erabakitzen dutenen ordezkaria, alegia. Eta ordezkaritza hori frankismoaren oinordeko zuzena delako dagokio.

Ezker abertzaleak Alderdien Legea betetzen duen erakunde politiko bat inskribatu du, eta ez dut uste gustuko platera izan duenik. Baina hori ere kritikagai izan dute Lege horren kontra omen dauden zenbait alderdik, Lege horri esker dagozkien baino hautetsi gehiago izan eta erosoago dauden alderdiek. Ez da denbora luzea Irlandan Sinn Feinek Polizia Zerbitzua onartu zuela, eta erabaki gogor hura bake prozesuan aurrerapauso nabarmentzat jo zuten denek. Han bake borondatearen erakusle nabaria izan zena hemen antzezpena eta engainu ahalegina da.

Baina Irlandak, momentu «egokietan» ispilu gisa jarri izan duten arren, ez du zerikusirik Euskal Herriarekin. Ez horixe, han askoz ilegorri gehiago dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo