GARA > Idatzia > Editoriala

Ikasleen borroka inposizioaren kontra

Euskal Herriko unibertsitate campusak eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako institutuak ikasleen grebaren eta mobilizazioen lekuko izan ziren atzo, Bologna Prozesuaren kontra eta ikasle eskubideen alde. Greba arrakastatsua izan zen guztiz, eta mobilizazioak ere jendetsuak, ikasleen nahigabearen erakusgarri. Mobilizazio egun horrek talka egiten du atzo bertan ere Madrilgo Kongresuak onespena eman zion Unibertsitate Lege Organikoaren (LOU) erreformarekin. Izan ere, erreforma hori Bologna Prozesuari begirako egokitzapena da Estatuko unibertsitateek egin beharreko aldaketak egin ditzaten. Eta unibertsitate ikasleek, besteren artean, prozesu hori eta euskaraz ikasteko eskubidearen urraketa salatu zituzten aldi berean; DBHko eta LHko zentroetako ikasleek beren eskubideen urraketa salatu zuten, esate baterako, adierazpen askatasunik eza.

Atzoko grebak eta mobilizazioek nabarmen utzi zuten Unibertsitateko protagonista behar luketen ikasleak ukituko dituen edozein erabakitatik bazertuta utzi dituztela, biharko gizartean eragin handia izango duten lagunen prestakuntzaz zer esanik izango ez balute bezala, atzo zer esana badutela erakutsi zuten arren. Ez dirudi oso egokia herri erakundeek duten ohitura, gizartearentzat ustez onuragarriak diren erabaki ugari hartzea, baina mesedetu nahi omen duten gizarteari eztabaidatzeko aukera ostuta. Hala onartu zuten, euskal alderdiek barne, atzo Madrilgo Kongresuan LOUren erreforma, Euskal Herriko unibertsitate irakaskuntzan eragin zuzena izango duena. Halaxe onartu zuten Bologna Prozesua eta, euskal ikasleen arabera, hezkuntzari ekarriko dion merkantilizazioa, homogeneizazioa eta pribatizazioa. Haren onurak edo kalteak eztabaidagarriak dira seguruen, baina, eztabaida ukatuta, inposizio hutsa izango da. Euskal ikasleek atzo argi utzi zuten ez dutela nahi eskaintzen dieten prestakuntzaren eta hura erabakitzeko moduaren araberako gizarterik. Ez dute nahi beren gizartea horrelakoa izaterik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo