GARA > Idatzia > Kultura

«Abere hatsak eta beste animalia batzuk" haur ikuskizuna taulara igoko da estreinakoz igandean

Pablo Barriok irabazi zuen iaz Nafarroako Antzerki Eskolaren Haurrentzako Antzerki Testuen Lehiaketako saria. Igandean bere lana, «Abere hatsak eta beste animalia batzuk", taularatuko du Iruñean.

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Natura babestearen garrantziaz jabetu eta haurrei ingurumena gerturatzearen aldeko apustua da Pablo Barrioren «Abere hatsak eta beste animalia batzuk» lana. Barriok iaz Nafarroako Antzerki Eskolaren Antzerki Testuen Lehiaketako saria bereganatu zuen eta, horren ondorioz, aurten bere obra taula gainean ikusteko aukera izango du. Ramon Vidalen zuzendaritzapean, igande honetan estreinatuko da aipatu obra Nafarroako Antzerki Eskolan.

Abiadura Handiko Trenaren gai gatazkatsutik abiatuta eraiki zuen gidoia eta, horrela, azken lurrak saldu dituen baserritarra, San Gregorio mendiak jasango duen eragin tamalgarria eta, batez ere, hango landare eta abereek pairatuko duten egoera azalarazten ditu Barriok antzezlanean. Beste aldean kokatzen ditu negozioak eta azpiegituraren sustatzaileak. Haurrei zuzenduriko testua izanik, landare eta animaliek dute protagonismoa -Marina Aparicio, Uxua Garde, Maite Mindegia, Monica Torre eta Ainhoa Ruizek antzeztu dituzte paper nagusiak-, baina kasik pertsona bilakatuta. Hau da, Barriok gizaki itxura eta izaera eman die identifikazioa errazteko. Hori hala izanda ere, naturaren koloreez apainduriko maskarek -Patxi Fuertesek eginak- jartzen diete kolore puntua.

Eszenografian, azpimarratzekoa da bost antzezlek bederatzi pertsonaia ezberdinen papera beteko dutela eta aldaketa irudikatzeko aipatutako maskarak erabiliko dituztela.

Istorioa egun batean garatzen da, goizetik iluntzera bitartean, eta Abiadura Handiko Trenaren eraginez kaltetua suertatuko den baserri bateko abereen protesta-ekimenek hartuko du nagusitasuna. Tartean, hitz jokoak partekatu ditu Barriok.

Antzerki Eskolaren eta Iruñeko Udalaren helburua haurrei euskarazko antzerkia hurbilaraztea denez, estreinaldiaren ostean -apirilaren 2, 3 eta 4an- Nafarroako 17 ikastetxetako 1.600 haurrek izango dute obra ikusteko aukera, eskola ordutegian eta sei saio ezberdinetan.

Lehiaketa epea zabalik

Bestalde, dagoeneko zabalik da aurtengo euskara eta gaztelerazko Antzerki Testuen Lehiaketarako izen-emateko epea, maiatzaren 15ean amaituko dena. Lehiaketa urtero antolatzen du Iruñeko Udaleko Euskara Sailak, eta Nafarroako Antzerki Eskolaren laguntza jasotzen du. Aurtengo euskarazko testurik onenaren saria lortzen duenak, 2.000 euroko diru-ordaina jasotzeaz gainera, hurrengo urtean bere lana eszenatokietara eraman ahal izango du. Argibideak eta izen-ematea Iruñeko Udalean edota Nafarroako Antzerki Eskolan egin daitezke.

INGURUMENA

Pablo Barrioren obrak natura eta gizakiaren arteko harremana du oinarri eta abere eta landare talde batengan Abiadura Handiko Trenak izango duen eragina irudikatzen du.

Fitxa

Data: Igandea, apirilak 1.

Lekua: Nafarroako Antzerki Eskola.

Ordua: 18.30ean.

Sarrerak: Salmentari NAEn bertan ekingo zaio saioa hasi baino ordu eta

erdi lehenago. 5 euro.

Ekimen gehiago: Iruñeko Udalak antolatzen duen euskara eta gaztelaniazko Antzerki Testuen XVI. Lehiaketan izena emateko epea maiatzaren 15ean amaituko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo