Dorleta URRETABIZKAIA, aktorea eta idazlea
Gure ingurukoentzat eta urrun daudenentzat
A ntzerkiaren nazioarteko eguna ospatu genuen hilaren 27an. Guk eta besteek. Gure ingurukoek zein gure ingurunetik urrun daudenek. Euskarazko hitzak jaurti genituen. Eta japoniarrak. Eta errusiarrak. Baita indiarrak ere. Musu eman genion elkarri, masail bakoitzean bana. Sudurrarekin Alaskan. Eta burua makurtuz Japonian. Sagardoarekin busti genituen gure ezpain eta eztarriak hemen. Vodkarekin Errusian. Eta xanpainarekin Frantzian. Mundu osoko pertsonok ospatu genuen asteazkenean antzerkiaren egun handia. 61ean Antzerkiaren Instituzio Internazionalak esan zuen moduan. Zintzo-zintzo. Beti bezala. Bin Mohammed Al Qasimi sultan egiptoarrak esandako hitzak zabaldu dira aurten munduko zirrikitu guztietan zehar. Haizeak bere magalean sakabanatutako hitzak bilakatu dira honen hizkiak. Hiri handi eta hotzetan sartu dira, teknologiaren sare eta amaraunetan barrena. «...Gaztetatik ezagutu nuen antzerkiaren benetako zerizana...». Haurrak miseria gorrian jolasean ari diren herrixka beroetan. «...Edertasuna dastatzerik ez duenak, ezingo du bizitzaren balioa dastatu...». Eta baita Euskal Herriko herri eta hirietan ere. «Ekaitzak bata bestearekiko banatzeko mehatxua dakar...». Haizeak astindu ditu sultanaren hitzak, belardian zintzilik dauden maindire zuriak bezala eta edertasun kantuz bete ditu gure belarriak. Antzerkiaren momia berpiztu du. Gure artera ekarri du berriz ere heriotzak isildu ezin dezakeena. Gu baino zaharragoa eta jakintsuagoa den antzerkiaren kutxa. Ospa dezagun. Dionisiok eta Bakok su inguruan ardoa edan, kantatu eta dantzatzen zuten moduan. «Gu hilkorrak gara baina antzerkia bizitza bera bezain bizia dago». Yasmina Rezaren «Artea» lana egin zuten Donostiako Antzerki Saria jaso zutenek. Egun handia ospatzeko antolatu zen festarekin batera. Ez zen musikarik falta izan, ezta poza ere. Horrelako testu ederrak euskarara ekartzeak, eta ez hala nola gainera, edertasun olerki eta kantuz janzten du gure hizkuntza zaharra. Gure hiriak bustiko ditu, gure herriak, gure mendiak, gure ibaiak eta gure zeruak. Gugatik geroz eta urrunago. Eta urrunago. Gure ingurutik, urrun daudenentzat, ospakizun eta alaitasun mezuak zabalduz. Eztarriak sagardo, xanpain eta vodkaz busti arte. Euskarak, japonierak, errusierak eta hindiak esanahi bera izan arte.