Independentziari begira, atsedenik gabeko egitaraua prestatu du Gazte Martxak
Atsedenik ez dute hartuko euskal gazteek independentziarako bidean. Untzaga eta Laudio lotuko dituen martxaren egitaraua aurkeztu dute: hamaika ekitaldi aurreikusi dituzte apirilaren 6tik 8ra bitartean.
Ramon SOLA |
Hiru jardunaldi, hamaika ekitaldi eta helburu bat: independentzia. Horixe ekarriko du aurtengo Gazte Martxak, Untzagatik Laudiora joango denak. Atsedenik gabeko egitaraua izango da aurtengoa, mendien gaineko ibilaldiekin batera kontzertuak, olimpiadak, tailerrak, ikus-entzunezkoak eta abar luze bat aurreikusi baitira, atzo Irati Mujika eta Egoitz Garmendia eledunek jakinarazi zutenez.
Ostiraletik igandera bitarte luzatuko da ekimena. Bi egun eta erdi, baina ondo aprobetxatuta. Eta euskal gazteak ez dira bakarrik egongo, hasierako harrera ekitalditik bertatik nazioarteko ordezkaritzak lagunduko ditu-eta. Apirilaren 6 ostiraleko 12.00etan izango da hori, Untzagan; ordubete beranduago bideari ekingo zaio, Mendeikaraino, Artomaña, Urduña eta Lendoño atzean utzi ondoren.
Helmuga puntuan, 19.30ean nazioartetik etorritako lagunek hitzaldia emango dute, eta 21.30ean azken 30 urteetako borroka ibilbidearen inguruko ikus-entzunezkoa izango da. Ondoren, izar eskola eta sexualitate tailerra. Lehen egun hori urteetako borrokari eskainiko zaio bereziki, «independentziaren proiektu politikoa gorpuzten eta gauzatzeko aukerak irekitzen ari bagara, horren bidez izan baita», azaldu zuten.
Bigarren jardunak, aldiz, «independentziaren proiektu politikoa edukiz jantzi eta gazte askeez osaturiko herri askea gau- zatze bidean hainbat proiektu jarri direla mahai gainean» nabarmenduko du. Egitarauari dagokionez, larunbat honetan Mendeikatik atera eta Amurrion geldialdia egin ondoren, Okondon olimpiadak egingo dira arratsaldez, eta ondoren berbena eta jai giroa. Toki horretan dutxak eta bokatak izango direla nabarmendu dute.
Azkenik, igandean helmugara iritsiko da martxa: Laudiora, alegia, 12.00ak aldera, Udalbiltzako Aberri egunaren ospakizunean parte hartzeko garaiz. Herri-bazkariaeta gero, zenbait kontzerturen txanda izango da: gauekoan, Oliba Gorriak, Kaotiko, Kop, Delinqüentes eta Betagarri arituko dira. Egun horretan zera izango da azken mezua: «gure izarra den independentzia topatu eta berau irudikatuko dugu», bi bitarteko erabiliz: «antolakuntza eta borroka».
Aholkuak
Bestelako oharrak eman dituzte ezagutzera: pisu handia duten gauzak eramateko zakuak banatuko dira, egunero egongo da akanpatzeko aukera eta Laudion motxilak gorde ahal izango dira. Osasun zerbitzua ere prestatu dutela iragarri dute.
Untzagako abiapuntura joan ahal izateko autobusak antolatuko dira; kotxeak ezin izango dira bertan utzi, beraz ez eramateko eskatu dute. Eta sarrerak Euskal Herriko eskualde guztietan eros daitezkeela erantsi dute Mujikak eta Garmendiak.
Martxa osorako bonoak 33 euroko balioa du; horretan kontzertuak, herri-bazkaria eta akanpatzeko eskubidea sartzen dira. Bestela, kontzertuetarako sarrerak 15 euro balio du aurrez eta 18 bertan; eta bazkarirako txartelak, aldiz, 8 euro.