GARA > Idatzia > Saskibaloia

Schorchianitis eta Macijauskasen itzulera: Pini Gershonen azken uneko sorpresak?

Partida erabakiorretan detaile txikiek ikaragarrizko garrantzia har dezakete. Astertean Zurbanon jokatuko dena hala izango da eta Baskonia zaleek ondo dakite Pini Gershonek partida horiek prestatzeko duen doahiaz. Macijauskas eta Baby Shaq izan daitezke bi sorpresa.

Jon ORMAZABAL

Parker, Vujcic edo Bastonek egindako partida bikainaz harago, Pini Gershonen partida prestatzeko eran jarri zuten kazetari eta aditu israeldarrek iaz, Pragako Final Fourreko lehen partidan, Maccabik Baskoniari emandako jipoiaren giltza. Urtebete beranduago, entrenatzaile israeldarra gasteiztarren ibilbidean gurutzatu da berriro Olympiacosekin, eta «tranparen» baten zain dira asko. Denboraldi osoa lesionaturik daraman Arvydas Macijauskasen itzulera, eta jarrera okerragatik eta bere gorpuztzarra ez zaintzegatik taldetik aparte izan den Sofocles Schorchianitisek eman dezakeen maila, izan daitezke horietako bi.

Eskolta lituaniarrak, beldurra eta maitasuna sortzen ditu Zurbanoko zaleen artean. Izan ere, inork baino hobeto dakite baskoniazaleek Macijauskasek 6,25 metrotako arrastotik egin dezakeenaren berri eta, azken bi urteetan apenas jokatu gabe egon arren, ilehoriaren eraso ahalmenak edonor urduritu dezake. Baina arerioen saskia perimetrotik txikitzeko duen ahalmen horrexek berak, zaleen kuttun bihurtu zuen Macijauskas Gasteizen eman zituen bi urteetan, eta askok berriro goren mailan ikusi nahi dute.

Baskonian bere mailarik onena eman ostean, burua altxatu ezinik dabil lituaniarra. Oraindik ere publikoarentzat erabateko ezezaguna zela, Alfredo Salazarrek Gasteizera ekarri zuen. Zurbanon jokatu aurretik txunditu zituen zaleak, 2003ko udan Eurokopa irabazi baitzuen Lituaniarekin, txapelketako saskiratzailerik onena izanda.

Dusko Ivanovicen aginduetara, defentsarekin arazo batzuk izan zituen arren, jokalaria izugarri hazi zen. ACBn 1400 puntutik gora egin zituen eta Euroligan jaurtiketa libreetan historiako bigarren markarik onena ezarri zuen, 94 jarraian sartuta. Moscuko Final Fourrekoa eta ACBko finala galdu ostean, -Euroligako bost onenen artean sartu zuten- NBAko distirak New Orleansera eraman zuen, baina Calderon taldekideak ez bezala, oso ibilbide eskasa izan zuen han.

Bi urte minuturik gabe

Zetorkionaren aurrerapen gisa edo, uda horretan bertan, Katrina urakanak hiria deuseztatu zuen eta denboraldia ezin okerragoa izan zen, baita maila pertsonalean ere. Byron Scott entrenatzaileak begitan hartu zuen Macijasukas hasiera hasieratik eta 135 minutu baino ez zituen jokatu denboraldi osoan, orotara 44 puntu batuaz. «Amets amerikarra» amesgaizto bihurtu zitzaion eta udaran Europara itzultzea erabaki zuen. «Urte hau ahaztu nahi dut, dena gaizki joan da. Oso entrenatzaile txarra egokitu zitzaidan, talde eskasa...NBA ez da dibertigarria, ez dago talderik, ez dago taldekideen arteko harremanik. Denek dirua eta negozioak dituzte buruan beti, dirua egonda, berdin dio partidak irabazi edo galdu».

Kontinente zaharrera itzuliko zela jakin zenean, Europako talde indartsuenak, tartean Baskonia, jokalaria eskuratzeko enkante moduko batean sartu ziren eta lehia estuaren ondoren, Olympiacos izan zen jokalaria eskuratu zuena. Baina hemen ere, zorterik ez. Denboraldiaurrean Akilesen tendoia puskatu zuen eta orain arte ez du debutatzerik izan. Taldeak ezkutuan gorde arren, badirudi aste honetan bertan entrenatzen hasi dela eta nekez egongo da hau baino aukera politagorik kantxetara itzultzeko. Hala ere, bi urte eta gero, eskumuturra bero izan arren, erritmo falta ikaragarria behar du izan eta, batez ere, lau urtetarako ikaragarrizko kontratua sinatua izanda -urteko 9 milioi euro inguru- ezin dute, eta klubak ez du nahi, arriskatu hainbat kirolariren ibilbidea eten duen lesio horrekin.

Hautsak harrotuz

Lagun gutxiago utzi ditu Gasteizen Sofocles Schorchianianitis pibotak, batez ere, lehiaketako lehen partidan saskiratzeen ondoren, sorbalda gaineko hautsak harrotzeko egindako keinuengatik. Europan pibot handiak, bostak, horren eskasak diren garai honetan, bere gehiegikeriek moztu dute aurreko Mundialean Estatu Batuetako pibotak jateko gai izan zen jokalari honen ibilbidea.

Gehiegikeriak, horixe da aita greziarra eta ama Kamerungoa duen erraldoi horren ibilbidea hobekien deskribatzen duen adjektiboa. Izena Atenasko poeta tragiko baten ohorez jarri zion aitak orain 22 urte jaiotako gizasemeari, eta gantzak eta kirolari bizitzari ez dagozkion ohiturak izan dira, betidanik, Schorchianitisen arazoen iturri; askori gure arteko Mikel Goñi gogorarazteraino. Izan ere, baskulekin eta gauarekin izan dituen arazoek bere ahalmen izugarria ezkutatu dute maiz. 16 urterekin Baby Shaq ezizena jarri zion Irakliseko Tony Farmer taldekideak, NBAko jokalaria gogorarazten ziola-eta. Berak ordea, Olajuwonen hanka jokoa izan du gogoko beti. Sasoi onean egonda, talentua eta gaitasuna ere soberan ditu Sofok, eta erakutsi izan du. Aurten ordea, ez da bere mailaren berririk izan, Pini Gershonek zigortua izan duelako bere jokabide desegokiagatik. Pixkanaka eraman du entrenatzaileak eta, ondo eta motibaturik badago, nork geratuko du Greziako ligan debutatzen gazteena izan zen pibot izugarri hori?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo