EUSKAL SELEKZIOAK
ESAITek hirukoaren ekimena gaitzetsi du
Asier AIESTARAN | BILBO
Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT) salatu duenez, Lakuako gobernua osatzen duen hirukoak (EAJ, EA eta EB) Estatu espainoleko Kirol Legea aldatzeko gaur Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztuko duen ekimenak ez du «ez hanka eta ez bururik» eta euskal gizartean «beste frustrazio bat» sortzeko baino ez du balioko.
Martxel Toledo ESAITeko kidearen esanetan, «ekimen horrek ez du batere ibilbiderik, ez du etorkizunik» eta adibide moduan 2004an Madrilgo Kongresura eramandako antzeko beste proposamen bat jarri zuen. Kontuan izan behar da, PP eta PSEren ezetza ziurtzat jotzen denez, EHAKren baiezkoak bakarrik aterako lukeela aurrera proposamena. Baina, hala izanda ere, Madrilen bozkatu beharko litzateke berriro.
«Ekimen hori antzua da gure ustez, ez du ibilbiderik, eta euskal gizarteak ez du horrelako beste frustaziorik merezi. Euskal gizarteak nahi duena urratsak bi norabidetan ematea da: lurraldetasun oztopoak gainditzeko bidean eta ofizialtasuna ahalbidetzeko benetako pausoetan», esan zuen Toledok.
Horren aurrean, ESAITek beste ekimen mota bat proposatu zuen euskal selekzio nazional eta ofizialak posible egiteko. Iñigo Sancho abokatuaren ustez, politikarien urratsak eta ahaleginak Kirolaren Euskal Legea (14/1998) aldatzeko erabili beharko lirateke, lege horrek, gaur egun, ez baitu zirrikiturik uzten federazio autonomikoek beste lurraldeetako kirolariak -Nafarroako eta Iparraldeko hiru herrialdeak, esaterako- bere barnean hartzeko.
«Euskal gizartea euskal selekzio nazional eta ofizialen alde baldin badago, eta hor daude 2005ean ESAITek bildutako 11.000 kirolari federatuen eta 300 kirol elkarteren sinadurak, agintariek konpromisoak hartu beharko dituzte hori errealitate bilakatzeko. Horregatik, dei egiten diegu alderdi politiko eta kirol munduko eragile guztiei mahai baten inguruan eseri eta Kirolaren Euskal Legea alda dezaten», laburbildu zuen Sanchok.
ESAITen iritziz, arazoari irtenbidea emango liokeen neurri bat «federazioen pribatizazioa» izan liteke. «Horrela, federazioek hiru lurraldeetatik harago hedatzeko modua izango lukete eta nazioarteko federazioetan sartzeko aukera ere bai, azken horiek ere izaera pribatua baitute», azaldu zuen Martxel Toledok, Hondarribia eta Irungo Alardeen adibidea jarriz. Horietan, antolakuntza pribatua izateak ez dio legeari eskua sartzen uzten.
Batasuna ere, aurka
Bere aldetik, prentsa ohar baten bitartez, Batasunak hirukoaren ekimena «elektoralismo hutsala» baino ez dela aipatu zuen. «Hirukoak Aralarren laguntzarekin Kirolaren Legea berriz ere Parlamentura eztabaidarako eraman izana elektoralismo hutsala baino ez da, izan ere, bihar (gaur) aurkeztuko duten legea, bere garaian Madrildik ezezko biribila jaso eta bueltan bidalitako lege bera baino ez da», Batasunaren ustez.
Hirukoak eta Aralarrek «herritarrak engainatu» nahi dituztela dio Batasunak, «herriak eta herritarrek Euskal Herri osorako selekzio ofizialak» nahi dituztelako.