Urrezko Aizkora
Otañok gerrian arazoak ditu eta ezin da lehiatu
Ibarrako aizkolaria kanpoan geratzen da, eta Rekondok jokatu beharrik gabe egingo du aurerra. Hurrengo kanporaketan Mugertza izango du aurkari
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Unai Otaño ez da arituko Urrezko aizkoran, eta lehiaketa horrek izan duen bigarren baja da, Mindegia ere ez baita arituko. Ibarrako aizkolariak gerrian ditu arazoak, eta ez dago une honetan aizkoran aritzeko moduan, horri, osasuneko beste arazotxo bat ere gehitu baitzaio.
Euskal Herriko Bigarren Mailako txapeldunak bihar aritu behar zuen Zegaman Rekondoren aurka, baina ez du aritzerik izango, eta Leitzakoak jokatu beharrik gabe aurrera egingo du. Otañok, berriz, orain atseden hartu beharko du, eta ahalik eta azkarren osatu, lehiaketa ofizialak ere konturatzerako izango baitira ate-joka.
Hala ere, bihar gauean Zegaman, 22.30etatik aurrera jokatuko den jaialdia ez da bertan behera uzteko moduko horietakoa, hiru neurketa izango baitira. Bi maila nagusikoak, eta bat 17 urtez azpikoena.
Maila nagusikoan, ikusmin handia piztu dute bi saio horiek. Alde batetik Aierbe II.a eta Lasa neurtuko dira, eta bestetik Ugarteburu eta Etxebeste.
Gazteen arteko demak ikusmin handia piztu du. Alde batetik, Lasak apustua dauka ekainean, eta jendeak ikusi nahi du nola ote dagoen. Aierbe II.arekin, berriz, jendeak itxaropen handiak izan ditu beti, eta adituen ustez ataundarra aspaldian egon den ongien omen dago orain. Jadanik bi kanporaketa gainditu ditu, eta denbora onak eginda. Horrek konfiantza emango dio, eta Lasak lan handia eta ongi egin beharko du bera kanporatu nahi baldin badu.
Etxebesteren eta Ugartebururen arteko lehiak ere ikusmina piztu du, bi beteranoen arteko neurketa izango baita. Igeldokoarentzat lehen kanporaketa izango da, eta Ezkiokoak, berriz, bi gainditu ditu jadanik.
Azkenik, 17 urtez azpikoen deman, Alkizalete II.a eta Rodriguez II.a neurtuko dira. Urrezko Aizkoran aurrera jarraitzeko azkeneko aukera izango dute.
Etzi, Lezaunen
Etzi, 12.30ean, Urrezko Aizkorako beste bi kanporaketa jokatuko dute Lezaunen. Daniel Vicente Xabier Mindegiaren aurka neurtuko da, eta Juanjo Lopez Jexuxmari Mujikaren aurka.
Lehen neurketan, Daniel Vicente agertzen da faborito, baina berak lehenengo neurketa izango du, eta bigarrena Mindegiak, Rodriguez I.a kanporatu baitzuen joan den astean. Bigarrenean, berriz, Lopez izango da irabazteko faboritoa, baina kontuz ibili beharko du Mujikarekin, Ibarrakoak gora egin baitu azkenaldian.
Bi egunetan, aizkolariek lan bera izango dute. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu. Tamaina bereko enborrarekin erlojuz kontra, eta gero zutik. Azkenik bi kana-erdiko eta 60 ontzako bat moztuko dituzte.
Aierbe II.a Lasaren aurka arituko da, eta Ugarteburu Etxebesteren aurka bihar gauean Zegaman jokatuko diren maila nagusiko bi kanporaketetan
Juanjo Lopez bere herritarren aurrean arituko da etzi eguerdian, eta Mujika izango du aurrez aurre. Vicente eta Xabier Mindegia ere elkarren aurka neurtuko dira