Parranda, neskak eta itsasoa, The Uski's taldearen bigarren diskoan
The Uski's taldearen bigarren diskoaren izenburua «Barikun" da. Horrela adierazten dute musikari bizkaitarrek parrandari dioten maitasuna. Haiek esaten duten bezala, «juerga, neskak eta itsasoa" dira CD horren gai nagusiak. Lan alaitsua eta musikalki heldua.
K.A. | BILBO
The Uski's Bizkaiko taldeak atzo aurkeztu zuen bigarren lana, eta lehen diskoak «Itxosun zarati» izena du. «Barikun» izeneko disko berri horretan, Elantxobeko eta Ibarrangeluko musikariek 60ko hamarkado rock-and-rollaren doinu errazak jorratzen dituzte, surf ukituekin.
«The Uski's taldean denak dira kantariak, eta horrek kantuak askoz gehiago biribiltzera darama», esan zuen atzoko aurkezpenean Ritxi Aizpuri Oihuka diskoetxeko ordezkariak. Bigarren diskoa Mungialdeko Lamiña estudioan grabatu dute. Natxo Libertu grabazioaz, nahasketaz eta ekoizpenaz arduratu da, eta Dave Horrocks (Kanada) teknikariak masterizazioa egin du. «Kanta batekin proba egin eta gero, masterizazioa Kanadan egitea erabaki genuen. Igarri egiten da; soinua zabaldu egiten da eta askoz ere goxoagoa da», esan zuten taldekideek. «Oso pozik geratu gara bigarren disko honen emaitzarekin. Talde helduagoa gara, lasaiagoa. Gure estiloa topatzen goaz eta orain ez gara hain kañeroak».
Elantxobeko hizkeran kantatzen dutenez, aurten hiztegi txiki bat sartu dute diskoan. «Aurrekoan batzuek esan ziguten ez zituztela hitzak ulertzen. Gure musikak jaiari, neskei eta itsasoari buruz hitz egiten du; gai horiekin alaitasuna nagusi izatea normala da. Gu ez gara hiriko txakurrak. Herri txiki batean bizi gara eta hemen egunero egiten dugunari kantatzen diogu», esan zuten. Dena den, badute abesti bat malenkoniatsua: «Denbora aurrera doie», a capella kantatzen dutena. «Guretzat kantatzea gauza naturala da. Txikitatik kantatzeko ohitura dugu familian». Beste bi kanta piraguisten kontrakoak dira; «Piraguarro» izenburua du batek. «Surflariak gara eta piraguistek arriskuan jartzen gaituzte itsasoan». Maiatzaren 17an Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko dute diskoa.
Itsasoaren eta olatuen gaineko abesti batzuk daude lanean. Horietako bi piraguisten kontrakoak dira. The Uski's-eko taldekideak surflariak dira, eta arriskuan ikusten dute beren burua piraguistekin.
Grabazioa Mungian egin dute eta Natxo Libertuk ekoitzi du. Baina masterizazioa Kanadan egin dute. «Probatu genuen eta igarri egiten da; soinua zabaldu egiten da, eta askoz ere goxoagoa da», esan zuten taldekideek.