GARA > Idatzia > Ekonomia

Nafarroako ardi-esneko artzainek bertako arrazen alde egingo dutela dio EHNEk

R. CALVO |

EHNE-Nafarroak Atarrabian deitutako batzarrera joandako ardi-esneko artzainek Erronkariko Jatorri izeneko gaztak bertako arrazako ardiekin bakarrik, hau da, latxa eta Nafarroako arrazekin, egitearen alde agertu ziren. Horiek hala, laborantza sindikatuak Nafarroako Gobernuari «zentzuz» jokatzeko eta «gazta-industriak eta UAGNek martxan jarritako kalitatearen zigiluak eragingo dituen kalteak geldiarazteko» eskatu dio. Era berean, Jatorri izenaren barruan ez dauden arrazen gaztak merkaturatzeko lerro bat babesteko ere eskatu dio Sanzen Gobernuari «sindikatu honetan bertako arrazak ez dituzten baserrietako artzainen alde ere egiten du lan eta», azaldu zuen EHNE-Nafarroak ohar batean.

Izan ere, joan den martxoaren 16an Erronkariko Jatorri izenaren Batzorde Arautzaileak Erronkariko bailarako ustiapenetan kanpotarrak eta intentsiboak diren assaf eta lacaune eta bertako latxaren arteko lehen gurutzatzearen esnea erabiltzea erabaki zuen, horrekin batera gainera «bi arraza puruen esnea salbuezpeneko kasuetan onartzea ere erabaki zuten», azaldu zuen. «Erabaki hori astakeria bat da, irekiera partzial batetaz hitz egiten ari badira ere, kanpokoak eta intentsiboak diren arrazen erabateko onarpena ekartzen duelako. Gainera ez da batere argitu, beste hainbat konturen artean, zeintzuk diren salbuespeneko kasuak», esan zuen.

Sindikatuaren ustez aldaketa horiek «oso ondorio latzak» ekarriko dituzte, besteren artean, «oso zaila izango da-eta, ia ezinezkoa, kalitatearen zigilu horretan izena emandako artaldeen arrazak kontrolatzea. Jatorri izenaren irudia ere kaltetuko du», esan zuen. «Egiten dugun bertako arrazen aldeko apustua ez dugu nostalgiagatik egiten, bertako ingurura guztiz moldatutako animaliak direlako baizik. Hain justu, gutxietsitako ingurua dena eta lanpostuak eta nekazaritza-ekonomia sustatzen laguntzen du», esan zuen.

Nafarroan egun, latxa ardiko 1.400 ustiapenek dute izena emanda eta EHNE-Nafarroak esandakoaren arabera ekoizpen hori handitu ere egin daiteke Aslanak egindako ikerketek eta azken urteetako ekoizpenen datuek adierazten dutenez.

Hobekuntza genetikoa egiten aritu diren azken hamar urte hauetan latxa ardiaren ekoizpen gaitasuna urteko eta ardiko 70 litrotik 120ra pasatu da. «Industriak esne gehiago behar duela esaten duen bitartean, guk batez ere errentagarritasun kontuak direla-eta jezten ez diren 80.000 latxa eta Nafarroako arrazako ardiak daudela gogoratu nahi dugu. Laguntzak behar bezalakoak izango balira, ardi horiek guztiak ekoizpenera bideratuko lituzkete», azaldu zuen. Bestalde, Erronkariko Jatorri izenaren lehendakariordeak eta jarduneko lehendakariak egin adierazpenen gainean duen iritzia ere argitu zuen. «Adierazpen horiek iritzi publikoa manipulatzeko saiakera besterik ez dira. UAGNko ordezkariak ez du bere erakundeak berak martxoaren 16an egin proposamena irakurri ere. Proposamen hori bertako arrazak defendatzea bada, jainkoa jaitsi eta ikus dezala!», esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo