«Jendearen detaile txikiak ezinbestekoak eta eskergaitzak dira guretzat"
Korrika-k hainbat pertsona edo langile behar ditu bulegoez gain, errepidean ere guztia nahi bezala joan dadin. Korrika hamabosgarren edizio honetan bi lan talde daude 14 orduko txandak egiten, eta horietako bateko arduradun da Andoni Seijo lekeitiar hau.
Korrika-k jendearen laguntza keinu asko jasotzen du. Eskertzekoa, noski.
Bistan da Korrika-k behar duela ez bakarrik AEK-ren laguntza, taldean goazenona, baizik eta jende gehiagorena. Hurbil-hurbiletik bizi ez baduzu ulertzeko zaila da jendearen borondatea eta disponibilitatea, edozein gertaeraren aurrean edozertarako prest: dela eguraldia, dela bidean dagoen edozein oztopo... Dena delakoa izan, jendeak Korrika-ri dion atxikimendua neurtzea ezinezkoa da. Gure ahalmenetik kanpo dago hori ulertzea. Guk, geure ezjakintasunean badakigu atxikimendu handia dagoela hizkuntzarekiko, eta herri honekiko, eta Korrika-rekiko atxikimendua ere hortik datorrela uste dugu.
Detaile txikiak, baina balio izugarrikoak.
Milioika detaile txiki daude erraldoi bihurtzen direnak; kanpotik begiratuta azalekoak bakarrik diruditenak, baina barrutik ikusiz gero, detaile horiek guretzat eta Korrikarako erraldoiak dira, laguntza ikaragarria.
Korrika-rekin lanean daramazun denboran, halako asko ikusia izango zara, noski!
Milioika, zenbatu ezinak. Guztiak gogoratzeak ere lana ematen du, baina aipagarriak dira azkenak: aurreikusi gabeko oztoporen bat izango genuelakoan, hiru txirrindulari gure esanetara jarri dira, edozertarako prest. Beste batzuetan, arrazoi bat edo besterengatik denbora berreskuratu behar izan dugu, eta korrikalariak prest egon dira, beraien ahalmenaz gaindi, korrika are azkarrago egiteko, denbora errekuperatzeko. Detaile horiek antolakuntzan gaudenontzat ezinbestekoak eta eskergaitzak dira.
Bakarren bat izango duzu gogoan...
Miraria da: ikaragarrizko oztopoak sortu arren, guztion borondate, ausardi eta adorearekin gainditzen dira. Korrika honetan, esaterako, lehen egunetan azkenik konpondu egin zen egoera bat bizi izan genuen. Bastidatik Urizaharrara bidean, Korrikak geratu egin beharko zuela pentsatu genuen, baina laguntza agertu zen: Urizaharra gainean elurra metro erditik gora zegoen eta traktore bat agertu zen bidea garbitzeko. Nondik? Batek daki! Bi todoterreno ere gure esanetara jarri ziren. Azkenean gainditu zen; Korrika-k tarte bat furgoneta barik egin zuen, baina guztien borondate eta adoreari esker aurrera egin zen.
Dena, ordea, ez da laguntza.
Ez dugu gustoko horiek aipatzea, baina egiaren izenean, esan behar da zenbait leku-autoritateren aldetik ez dela laguntzarik egon; gaur -atzo- goizean, une batez iseka ere sentitu dugula. Baina gauza txiki ezkor horiek ez dute garrantzirik ematerik merezi.
I.I.