GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Abertzale Sozialisten Bekatua

Bi mila kilometrotik gorako ibilbidea, ipar-hego eta sortalde-sartalde, aldapan zein ordekan, korrika egin ondoren, gaur da Erreinu Zaharreko hiriburura heltzeko eskutik eskura ibili duten lekukoaren mezua. Mezu zaharra hau berau ere, seguruenik, oraingo egoerara egokitua baina; zahar berritua beraz, biziraupenaren berezko legeak agindu legez. Euskarak egiten gaituela euskaldun, jator ala zatar, hori geure buruak berak egiten gaituelarik; euskaldunen Herria oraindik ere inongo mapamunditan zehaztuta ez egon arren. Baina, tira!, horretan ere ari gara ibilbidea egiten, korrika baino geldika ari bagara ere, maiz zorabiatu nahi bagaituzte ere; nekatuko dira noiz edo noiz! Pazientzia iraultzailea baita askotan, galdetu diezaiotela, bestela, santu omen zen Job hari. Horra geldikalariak, menditik jaitsi ondorengo ordekan lekukoa alderdi batetik bestera pasatuz doazela, betiko hango togadunak hemengo trantsizioa eragozten saiatu arren; kasu honetan ezin esan kontzientzi eragozleak direla, kontzientzia izan ez dutelako, horren kontziente ez badira ere. Toga-borroka! Piraten banderak egiteko ere abadeen sotanak omen dira egokiagoak! Omen. Eta amen.

Horra eliza katolikoaren Aita santu Erromakoaren azkena! Bitxia gero! Horixe bai etorria maizter horrena! Infernua existitu egiten dela aurkitu berri du. Baina non demontre izan da hori orain arte? Planetako milioika lagunek, ipar-hego eta sortalde-sartalde, eduki badaukate horren berri, egunero kiskaltzen direlako bertan. Hori bai, Erromatik oso urrun. Baten batek egunero ez baina noize-an behin sikiera ezagutu egin du gertutik infernua; galdetu, osterantzean, lehengoan Bilboko epaitegiaren aurrean larruzko zapata batzuen laztankeria bere hanka-artekoen larruan gozatu behar izan zuen tipo hari. Jelkidea omen erasotzailea! Jelkideen zapata-borrokaren hasiera omen? Ongi etorri biolentoen paradisura! Kondenatua al dute hori euren estatutuetan? Kapaz. Tira!, gure benetako etsaia bekatuarekin bat egitea omen da, Aita santua-ren esanetan beti ere. Ezetz ba, bekatua guretzat laguna da! Abertzale Sozialisten Be- katua, ASB hain justu, beste batzuk ABS nahiago badute ere, mugimendua frenatzeko. Jai dute! Mapamundin izango ga-ra noiz edo noiz, eta ez Bilbo-koan prezisamente, euren le-kukoa legetik legera pasatu arren. Arren!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo