Monzon omendu eta abertzaleen elkarlana aldarrikatu dute Maltzagan
Elkarlana eta akordioa; horiek dira, Euskaria Fundazioaren iritzian, Euskal Herrian bakea eta burujabetza lortzeko errezetaren osagaiak. Horiek guztiak aldarrikatzen ditu abenduaren 30ean aurkeztu zuen «Maltzagako aldarria" adierazpenak, eta horiek guztiak nabarmendu zituen atzo, Maltzagan bertan, egin zuen ekitaldi xumean. Orain arte bildutako 436 sinaduren berri emateaz gain, agiriaren izenaren atzean dagoen leloaren egilea omendu zuen.
Mikel JAUREGI |
Abenduaren 30ean Donostian abiatutako bideari eusten dio Euskaria Fundazioak. Orduan, «Maltzagako aldarria» adierazpena aurkeztu zuen, Euskal Herriko hainbat pertsana esanguratsuren babesa jasota. Hiru hilabeteotan atxikimenduak biltzen jarraitu du, eta atzo Maltzagara hurbildu zen babes horien berri emateko eta agiri horren izenaren atzean dagoen leloa ezagun egin zuena omentzeko: Telesforo Monzon.
Eibar, Elgoibar eta Soraluze artean dagoen auzo horretako biribilgunean jarri zuen hitzordua Euskariak, eta «Maltzagako aldarria»ri atxikimendua eman dioten hainbat lagun bertaratu zen. Hain ziren, besteren artean, Tasio Erkizia eta Jose Luis Elkoro buruzagi independentista historikoak, EAko idazkari nagusi Unai Ziarreta, alderdi horretako buruzagi eta Lakuako sailburu ohi Sabin Intxaurraga eta Aralarreko Juan Martin Elexpuru.
Kanturako, bertsorako eta aurreskurako tartea izan zen ekitaldian, eta ondoren ikurrin batek -«independentzia» hitza zuen idatzirik- estalitako oroigarria erakutsi zuten. Monzonen irudia du plakak, eta honako idatzia: «Telesforo Monzon. 1904-1981, oroimenez. Goazen abertzale denok elkarrekin Maltzagaraino. Gerokoa geroko utzi. Maltzagako aldarria. 2007ko martxoaren 31n. Euskaria Fundazioa». Ikurrina eskuan zuela, Jose Luis Elkorok hartu zuen hitza: abertzaleen arteko elkarlanaren beharraz mintzatu zen, «hori baita bidea. Oraindik ez dugu lortu, baina herri hau burujabe izatea lortuko dugu»..
Orain, Sarea helburu
Euskariako ordezkari Patxi Azparrenek jakinarazi zuen dagoeneko 436 pertsona ezagunen sinadurak bildu dituztela. «Eta lanean jarraitzeko asmoa dugu», gaineratu zuen. Izan ere, bere hitzetan, «Euskal Herria nazioa dela defenditzen dugun eta Euskal Herria maite dugun guztion ahalegina beharrezkoa baita marko juridiko-politiko berri bat eraikitzeko». Hain justu, adierazpenaren oinarrian bakearen eta burujabetzaren aldarrikapenak daude, eta abertzale ororen arteko akordio eta elkarlanarena. Hortik datorkio izena.
Datozen hilabeteetan sinadurak jasotzen jarraituko du Fundazioak, «ekimena ez baita gaur amaitzen, hasi baizik». Eta horrela segituko du udazkena arte; orduan, biltzarra egiteko asmoa du. Are gehiago, agiria izenpetu duten guztien artean Maltzagako Sarea osatzen ahaleginduko da, «Euskal Herriko burujabetza eta bakea nahi dutenen arteko zubigintzan jardun dezan».
Atxikimendua agertu dutenek Udalbiltza bateratuaren aldeko apustua egiten dutela ere nabarmendu zuen, eta sinadurak biltzeko hurrengo saioa Aberri Egunean egingo dutela jakinarazi; horretarako, antolatu diren ekitaldi guztietan mahai bana jartzeko asmoa dauka.
436 sinadura dira, mugimendu abertzale osoa ukitzen duen zerrenda: EAJko kideak daude, ezker abertzalekoak, EAkoak, Aralarrekoak eta ABkoak, ELAko eta LABeko ordezkariak, gizarte mugimenduetan jarduten dutenak, kultura mundukoak, enpresaburu eta langileak, unibertsitateko irakasleak, kazetariak, abokatuak... Horien guztien garrantzia agerikoa da, baina Euskaria Fundazioak berak bereziki nabarmendu du euskal diasporan bildutako atxikimendu sorta. «Lehenengo aldiz, ekimen bat Euskal Herriko lurralde guztietako eta diasporako kideek, batera, bultzaturik jaio da», zehaztu du.
Estatus juridiko-politiko berri baten aldeko konpromisoa agertzen duten sinatzaile horien artean daude, atzo Maltzagara joandakoez gain, Juan Mari Ollora, Xabier Agirre, Carlos Caballero, Xabier Alegria, Iñaki Ruiz de Pinedo, Begoña Errazti, Rafa Larreina, Joseba Azkarraga, Carlos Garaikoetxea, Anjeles Iztueta, Iñaki Aldekoa, Ainhoa Beola, Mertxe Colina, Jakes Abeberry, Txutxi Ariznabarreta, Benito Uterga, Koldo Medina, Begoña Sanchez, Pedro Albite, Pako Letamendia, «Ortzi», Joseba Tobar, Igor Ahedo, Mikel Zuluaga, Jose Maria Arrate, Xabier Huizi, Martxel Toledo, Koldo Navascues, Gorka Torre, Patxi Erdozain, Mikel Urdangarin, Juan Mari Irigoien, Xabier Amuriza, Gorka eta Henrike Knörr, Bingen Mendizabal, Xabier Oleaga, Tere Irastorza, Javi Ruiz, Iñigo Santxo, Jexuxmari Zalakain, Juan Karlos Alduntzin, Victoria Mendoza eta Jesus Lezaun. Argantzun, Amurrio, Gatika, Agurain, Bermeo, Deba, Idiazabal eta beste hainbat herritako alkateek ere izenpetu dute.