GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hernaniko 30 eragilek bat egin dute naziotasun eskubidearen aldeko borrokan

Oihana LLORENTE |

Naziotasun eskubidearen aldeko borrokan aurrera egiteko, herriko sektore eta zenbait talderen elkarlana ezinbestekoa ikusi du Hernaniko Bai Euskal Herriari ekimenak; hortaz, auzolan horri bide emateko helburuarekin, oinarrizko eskubideen aldeko adierazpen baten inguruan atxikimenduak biltzeari ekin zion herri ekimenak.

Atzokoan, Biteri Kultur Etxean, lan horren fruituak eman zituzten ezagutzera eta bertan hilabete horietan zehar jasotako atxikimendu andanak plazaratu zituzten. Hogeita hamar eragile inguruk eman diote babesa deklarazioari eta horien artean, Rugby taldea, CDH Futboleko Zuzendaritza edota Pilota Elkartea kirol eragileak; IES Hernani, Langile Ikastola eskolak edota hamaika euskara eragile ez dira falta izan.

Hiru ardatzez osatutako adierazpena da eragile horiek sinatutakoa eta bertan, Euskal Herria zazpi herrialdez osatutako herria dela aitortzeaz gain, haren etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea eta euskararen ofizialtasuna eskatzen dute adierazpena sinatutakoek.

Atxikimendu bilketa horrekin lanaren lehen harria jarria dagoela deritzo Bai Euskal Herriari herri ekimenak, eta hortaz horren ondotik, Euskal Herriaren eraikuntza lanari ekiteko gonbita egin zuen, «norbera bere esparrutik, Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubideen gauzapena eskuratuz» gaineratu zuen.

Bide beretik, ekainerako Naziotasun Eguna antolatuko dute Hernanin eta data hori bitarte taldeek sinatutako adierazpena hernaniar ororen esku jarriko dutela ere, eman zuten aditzera atzo, herritarrek ere ekimen horrekin bat egin dezaten.

Aberri Egunerako gonbita

Bestalde, datorren apirilaren 8a, Aberri Eguna, ekimenaren aburuz, Euskal Herriaren aldarrikapenak plazaratzeko egun aproposa izanik, dei berezia egin nahi izan zien hernaniarrei euskal naziotasuna aldarrikatu dezaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo