GARA > Idatzia > Ekonomia

EHNE-Nafarroak gizarteari «iruzurra ez egiteko» ekitaldia egin du Iruñean

Erronkariko Gazta Jatorri izenaren Kontseilu Arautzaileak assaf eta lacaunne arrazak onartzeak hautsak harrotu ditu artzainen artean. Hori ikusita, erabakiaren ondorioen berri eman nahi izan du EHNEk Iruñean.

Rebeka CALVO |

EHNE-Nafarroak Erronkariko Gaztaren Jatorri izenean assaf eta lacaunne kanpoko arrazen esnea onartzeak ekarriko dituen ondorioen berri eman nahi izan zien atzokoan kontsumitzaileei.

Horretarako, 12.30etik aurrera Iruñeko Gaztelu plazan izan ziren gazta, ardoa eta informazioa banatzen. «Kontsumitzaileei iruzur egingo dietela esan nahi diegu, gauza bat erosi eta beste bat emango diete-eta», azaldu zuen Migel Mari Arizaleta artzainak eta Erronkariko Gaztaren Jatorri izenaren Kontseilu Arautzaileko ordezkarietako batek.

Arizaletak kanpoko arraza horiek intentsiboak izanagatik «ez dira errentagarriagoak izango», nabarmendu zuen. Izan ere, kalitatea «jan naturalak ematen eta larretan egoten hobetzen baita. Beharbada, horiekin gehiago ekoiztuko dute, baina esnean ondorio kaltegarriak izango ditu». EHNE-Nafarroak hala joan den martxoaren 16an Jatorri izenak hartutako erabakia ez berresteko eskatu zion Nafarroako Gobernuari eta horretarako kontsumitzaileak kontzientzatu nahi izan zituen. Era berean, gizarteari «EHNEren kanpainan nafarroa@ehne.org-en atxikituta, kontsumitzaile elkarteetan mintzatuta eta Nafar Gobernuari onartutako aldaketak atzera botatzeko eskatuta parte hartzeko» deialdia egin zion. Arizaletak, kanpoko bi arrazen sartzearekin bertako gaztak «beste edozein gazta bezalakoa» izanen dela azaldu zuen. Bere ustez gainera, «latxa eta raza nabarra ardiekin bizi garen artzainok, babesik gabe geldituko gara».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo