Heineken Kopa
Biarritzek ingelesen bolada txarraz baliatu nahi du
Zuri-gorriak Europan bikain dabiltza, eta orain arte egindako lanari jarraipena eman nahi die, lapurtarren helburua, gutxienez, finala jokatzea baita
Jon LEUNDA | BIARRITZ
Biarritzek Norrthampton hartuko du gaur Anoeta estadioan, Europako Kopako final-laurdenetan. Kanporaketa hori partida bakar batetara jokatuko da, eta garaipena eskuratzen duen taldeak finalerdiak jokatzeko txartela eskuratuklo du.
Inor gutxik uste du gaur Biarritz kanpoan geratuko denik. Horretarako aurrekariei begiratzen ari da jendea, baina horrek ezer gutxirako balio du. Azken batean egunekoari begiartu behar zaio, aurrekoek ez baitute ezertarako balio, ez behintzat orain dela bi edo hiru urtekoek. Aurten bi aldiz neurtu dira bi talde horiek elkarren aurka, eta bietan Biarritzek irabazi du.
Hala ere, gaurko norgehiagoka partida bakar batera izango da, eta galtzeko beldurra bi taldeek izango dute, eta hor gauza asko aldatzen dira. Dena dela, Northamptonen egoera ez da batere gozoa. Ingalaterrako Ligan sailkapeneko azkeneko postuan daude, eta geratzen zaizkien hiru partidetan aldaketa handia ematen ez baldin badute, heldu den urtean Bigarren mailan izango dira.
Taldeko entrenatzaile eta jokalariek garbi utzi dute beraiek nahiago dutela Lehen Mailan jarraitzea Europan jarraitzea baino. Horrek garbi uzten du ingelesen egoera zein den, baina hitz horiek presioa kentzeko ere erabili ditzakete, haiek ere irabaztera etorriko baitira.
Hori bai, Patrice Laguisquetek, Biarritz taldeko entrenatzaileak, onartu zuen mailaz jaisteko dabilen talde batentzat beste lehiaketa batetan burua jartzea oso zaila dela, eta hori aprobetxatu beharko luketela, baina ikusi beharko da, Northamptonentzat ere ona izango baita aurerra egitea.
Biarritzen egoera ere ez da kanpaiak jotzen hasteko modukoa. Zuri-gorriak Ligan ez baitabiltza batere ongi. Finalerdiak jokatu ahal izateko estreinako lauetan sartu beharra dago, eta une honetan, bosgarren daude.
Europan daraman ibilbidea, ordea bestelakoa da. Lehen fasean jokatutako partida guztiak irabazi egin ditu, eta partida guztietan puntu gehigarria ere lortu du. Lehen faseko talderik onena izan da, eta horrek finalerdiak ere etxean jokatzeko aukera emango dio, betiere gaur aurrera egiten badu. Aurkaria, berriz, London Wapsen eta Leinsterren arteko partidako irabazlea izango da
Lapurtarren kezkarik handiena, berriz, eguraldia da. Euria dago iragarrita, eta horrek baloia eskuz jokatzeko asko zailduko du, eta arriskutsu ere bihurtu daiteke.
Harmaila zuri-gorriak
Harmailak bete egingo dira, edo hori da behintzat Biarritz taldeko zuzendaritzak uste duena. Lapurdi aldetik 20.000 ikusletik gora etorriko omen dira, eta Giupuzkoatik, eta gainerako euskal herrialdeetatik ere etorriko dira. Ingelesak ere izango dira, baina ez dirudi asko izango direnik.
Giroa, berriz, aparta izango da, eta goizean goiz hasita. Ordua ez da egokia, 14.00etan hasiko baita partida, hori izango da gaurko norgehiagokak izan dezaken akatsik handiena. Askorentzat aurretik bazkaltzeko goiz izango baita, eta amaitutakoan, berriz berandu. Beraz, asko eta asko joango dira ogitartekoa hartuta. Hori bai, irabaziz gero, ondorengo ospakizunerako denbora gehiago izango da.
Biarritzek gaur irabazten badu, finalediak ere etxean jokatuko ditu, eta hura ere Anoetan izango da, Biarritzeko zuzendaritzak aditzera eman duenez. Partida hori hemendik hiru astera jokatuko da
Northampton taldearen egoera ez da betere gozoa, izan ere Ingalaterrako Ligan, sailkapeneko azkeneko postuan baitaude. Bertako jokalariek eta entrenatzaileak garbi utzi dute lehentasuna mailari eustea dela