GARA > Idatzia > Kultura

Inoiz ezin izan dut ipuinengandik ihes egin

Margaret MAHY (*)

Ez dut inoiz ahaztuko nola ikasi nuen irakurtzen. Txikia nintzenean, hitzak korrika ibiltzen ziren alde batetik bestera nire begien parean, kakalardo iheskorrak bailitzan. Baina ni haiek baino azkarragoa nintzen. Haiek ezagutzen ikasi nuen beraien korrikaldi arinari erreparatu gabe. Azken-azkenean, liburuak ireki ahal izan nituen eta idatzirik zegoena ulertu. Ni bakarrik ipuinak eta txisteak eta poemak irakurtzeko gai izan nintzen.

Noski, ezustekoak gertatu ziren. Irakurketak ipuinen gaineko boterea eman zidan eta, neurri batean, ipuinei beraiei ere boterea eman zien nire gain. Inoiz ezin izan dut beraiengandik ihes egin. Irakurketaren misterioaren zati bat da hori.

Norberak liburua zabaltzen du, hitzak jasotzen ditu eta ona den istorioak gure barrenean eztanda egiten du. Orrialde zuriaren alde batetik bestera lerro zuzenean korrika egiten duten kakalardoak hitz bihurtzen dira lehenengo eta gero irudi eta gertaera magiko. Zenbait istoriok bizitza errealarekin zerikusirik ez dutela emango badu ere,... era guztietako sorpresa bihurtu eta beraeien aukerak goma elastiko baten moduan alde batetik bestera zabalduko balituzte ere, azkenean, onak diren ipuinek gure baitara itzultzen gaituzte. Hitzez eginak daude eta pertsona guztiok nahi dugu hitzekin abenturak izan.

Ia denok entzule bezala hasten gara. Haurtxoak garenean gure aita-amek gurekin jolasten dute, errimak esaten dizkigute, oineko behatzak ukitzen dizkigute (Behatz horrek arrautza erosi zuen) edota gurekin txalo egiten dute (Txalopin txalo). Hitzekin osatutako jolasek ozenki durunda egiten dute eta, haur bezala, entzun egiten ditugu eta beraiekin barre egiten ditugu. Gero orri zurien gaineko tinta beltza irakurtzen ikasten dugu eta isilpean irakurtzen dugunean ere, nolabaiteko ahotsa dugu present. Noren ahotsa da hori? Zeure ahotsa izan daiteke, irakurlearen ahotsa. Baina hori baino gehiago da. Istorioaren ahotsa da irakurlearen baitatik hitz egiten duena.

Noski, gaur egun istorioak kontatzeko modu ezberdinak daude. Filmek eta telebistak badituzte istorioak kontatzeko, baina ez dute hizkuntza liburuek bezala erabiltzen. Telebistako edo zinemako gidoiak lan egiten dituzten autoreek hitz gutxi erabili behar izaten dituzte. «Irudiek konta dezatela istorioa», esaten dute adituek. Telebista beste batzuekin batera ikusten dugu, baina irakurtzen dugunean, ia beti bakarrik gaude.

Mundua liburuz beteta dagoen garaian bizi gara. Irakurlearen ibilbidearen parte da idatzitako guztiaren basoan era magikoan salto egiten duen istorioren bat aurkitzea... Bera aldatzeko gai izango den istorio zirraragarri eta misteriotsua. Uste dut eguneroko hitza txantxa, ideia edo aukera berri bati lekua uzteko aldatzen den une horregatik bizi dela irakurle bakoitza, hitzen boterea sortutako egi berri batekin. «Bai, hala da!», dio ahots batek gure baitan. «Ezagutzen zaitut!» Ez al da zirraragarria irakurtzea?

(*) Margaret Mahy (1936) Zeelanda Berriko idazlerik ezagunenetako bat da. Iaz Andersen Saria irabazi zuen, «haur literaturaren Nobeltzat» jotzen dutena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo