GARA > Idatzia > Kultura

«...Gernikari buruzko begiradak...» erakusketa Hendaian, bonbardaketaren urteurrenean

GARA | HENDAIA

«Nork ez ditu entzun Hendaiaraino iristen ziren tiro galduen istorioak edota Bidasoa bazterretik ikusten ziren Irungo suteenak?», dio erakusketaren aurkezpenak. Hurbiltasun geogra- fikoagatik eta Espainiako Gerra Zibilean errefuxiatu ziren errepublikarrak egungo hendaiar askoren senideak direnez, Hendaiako Herriko Etxeak «...Gernikari buruzko begiradak...» erakusketa antolatzea erabaki du. Apirilaren 26a arte izanen da ikusgai hiriko merkatu estalian.

Azken urteotan Hitlerren Kondor legioak Gernikako herria merkatu egunez bonbardatu izana oroitu asmoz, hainbat ekitaldi antolatu izan dira Lapurdiko hirian. Horregatik oraingo erakusketarekin bonbardaketa beste ikuspegi batetik aipatzea deliberatu dute. Mundu osoan zehar ezaguna den Picassoren «Gernika»ren gainean gogoeta proposatzen da bai erakusketan, baita antolatu diren beste ekitaldietan ere.

Filmak eta hitzaldiak

Erakusketaren zein ekitaldien prestaketan herritarren laguntza ezinbestekoa izan da. «...Gernikari buruzko begiradak...» erakusketan bereziki, artista profesionalek zein amateurrek parte hartu dute. Margolarien, zizelkarien eta musikarien lanen ikuspegi ezberdinak proposatuko dituzte.

Erakusketaz gain beste hainbat ekitaldi antolatuko dira apirilean zehar. Astelehenean, Jean-François Larraldek «1937. Picasso Gernika margotzen» hitzaldia eskainiko du Varietes aretoan. Asteartean, zinema areto berean, Andre Malrauxen «L'espoir» filma emango dute. Hilaren 15ean, hau ere Varietes aretoan, Beñat Achiaryk eta Etage 24 taldeko musikariek Bernard Mancieten «Gernikarena» poesia euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez errezitatuko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo