GARA > Idatzia > Atletismoa

XIV. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia

Errekor guztiak hautsita amaitu da Diego Garziari eginiko omenaldia

Yared Ashmeron eritrearrak bigarren aldiz irabazi du jarraian Azpeitia-Azkoitia maratoi erdia, azkarrena eta burutsuena dela frogatzen

Arnaitz GORRITI | AZPEITIA

Diego Garzia bizirik balego, asko gozatuko zukeen atzoko lasterketarekin. Atleta azpeitiarraren heriotzaren laugarren urteurrenean Yared Ashmeron, iazko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiko irabazleak, garaipena errepikatu zuen atzokoan. Irabazteaz gain, maratoi erdiko errekorra lortu zuen, 1.00.28 denborarekin, orain arte zegoen denborarik onena minutu erdian ganditu zuen. Hori gutxi balitz, emakumeen lasterketan ere errekor berria ezarri zuen Pamela Chepchumba keniarrak, 1.08.57 denborarekin.

Halere, lasterketako protagonista nagusia William Chebor kenyarra izan zen. Hamazortzigarren kilometrora bitartean aurreneko postuan izan zen egun Kenyako maratoi erdiko txapeldun dena, baina Ashmeronen buru argi eta hanka arinen lana asko izan zen kennarrarentzat. Hirugarren postuan, aldiz, Silas Sang kenyarra izan zen, espero zen podium afrikarra osatu zuen. Emakumeen podiuma Alejandra Aguilarek eta Yesenia Centenok osatu zuten.

Omenaldiak eta lasterketa

Lasterketaren hastapenetan Diego Garzia, bere aita, Fernando Tapia eta Alejandro Gomez atleta beteranoak omendu zituzten, nahiz eta omenaldi hunkigarriena gero lasterketak berak eskaini. Eguraldia ere egokia izan zuten atzokoan Azkoitian bildu parte-hartzaileek, mila partaidetik gora azkenean. Euririk ezean, haizea izan zuten korrikalariek aurkari bakar.

William Chebor erritmo basatian abiatu zen lehenengo unetik, erbi lanak egin behar zituen Kamel Ziani bera ere oso atzean utzita. Silas Sang eta Yared Ashmeron bakarrik ziren kenyarrari jarraitzeko gai.

Atzean, berriz, Kamel Ziani oriotarra buru zuen talde bat osatu zen, tartean lasterketa irabazteko faboritoetako bat, Abraham Chelanga zegoela.

Chebor, ordea, ez zegoen inguruan inor ere izateko asmotan. Sentsazio bikainak zituen antza, eta aurrera jo zuen. Sang herrikideak pixkanaka distantzia galdu zuen, Ashmeron bere atzean kokatzen zela. Cheborrek lehenengo bost kilometroak 14.25 minutuan bete zituen. Hala jarraituta, ordubeteko muga ere jaisteko arriskua zegoen.

Emakumeetan ere Chepchumbak alde egin zien Yesenia Centeno eta Alejandra Aguilarri. Lasterketa bien garailea jakintzat ziirudien.

Ez zen hala izan, ordea. Hamabosgarren kilometroan 42.41 minutu egin ostean, Cheborren erritmoa erori zen. Aldiz, azti jokatu zuen Yared Ashmeronek hanka egin zion Silas Sangi eta apurka abantaila murrizten ere joan zitzaion Chebor berari. Nahiz eta kenyarra erritmo aldaketa pare bat egiten saiatu, eritrearrak bat egitea lortu zuen hamazazpigarren kilometroan.

Amaiera ikusgarria

Garaipena ziurtatzeko bakarrik iristea omen da onena. Hala, Ashmeronek ez zuen errukirik izan Cheborrekin eta, kenyarra harrapatu eta kilometro eskas beranduago, ihes egitea erabaki zuen iazko txapeldunak.

Helmuga jendez mukuru zegoen korrikalariak animatzen. Ashmeron garaipena eta marka onenaren bila zihoan eta amaiera ikusgarria burutu zuen, jendearen oihu eta txaloen laguntzaz erdietsi zituen.

buru azkarra

Yared Ashmeronek hankak bezain buru azkarra erakutsi zuen. Cheborren erritmo basatia jarraitu gabe, eutsi egin zion kenyarrari. Azkenean harrapatu eta denbora onena ezarri zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo