GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lekukoak gordea eramaten duen mezua jakitea baino ez da falta 15. edizioa amaitzeko

aur goizean iritsiko da Korrika 15 iruñera, bere azken helmugara. Azken kilometroa 13.00ak aldera amaitzea aurreikusten da, eta orduan jakingo da zein den Euskal Herri osoan zehar eskuz esku eta kilometroz kilometro ibili den lekukoak gordeta duen mezu ezkutua. Horren inguruan, sekulako festa antolatua dute Nafarroako hiriburuan. G

Iker IRIARTE

Korrika 15ek atzean utzi du, dagoeneko, Ipar Euskal Herria eta gaur goizean bertan iritsiko da Iruñera, bere azken helmugara. Honezkero 2.000tik gora kilometro ditu eginak zazpi herrrialdeetan zehar.

Akats bat Donibane Garazin

Hego Euskal Herriko herrialde guztietan sartu-irtena egin ondoren, Ipar Euskal Herria zeharkatzea baino ez zitzaion geratzen Korrika 15i, eta ostiralean bertan sartu zen bertan. Nafarroako Izpegi gaina igaro eta Donibane Garazin sartu zen, Bidasoaz iparraldeko lehen euskal hiriburuan. Hor, gainera, inork espero eta nahi ez zuen akats bat gertatu zen, antolatzaile nahiz furgonetetako gidariek «izugarri» sentitzen dutena eta «atsekabe handia» sorrarazi diena. Bertako ikastolak kilometo bat erosi zuen, eta berarekin batera, eskola elebidunak; azken honek lehen aldiz. Halabeharrez, ibilbidea jarraitzerakoan akats txiki bat egon zen, eta aurretik zihoan ibilgailuak ez zuen aurreikusitako bidea jarraitu. Hori dela-eta, kilometro bat egin gabe geratu zen, justu-justu ikastolak eta eskola elebidunak erdibana hartutakoa. Dena den, AEK-ko prentsa taldetik jakinarazi dute akats hori nolabait berdinduko dutela.

Lartzabalen ere jende andana bildu zen lekukoaren inguruan, izan ere, egoera berezia bizi baitute bertan. Bi ikastetxe eraikitzen ari dira une honetan: bata Haur Hezkuntzakoa eta bestea Bigarren Hezkuntzakoa -edo bertan esaten duten moduan, ama eskola eta kolegioa-.

Jarraian, ostiraletik larunbaterako goizaldean, Maule bisitatu zuen Korrika 15ek, eta bertan, euria gogotik egin arren, jende mordoak egin zuen bat lasterketarekin. Gainera, berotasun puntu bat ere bizi izan zen Zuberoako hiriburuko ibilbidean zehar; izan ere, presoen aldeko taldeak harturiko kilometroan, bertako kideek suziriak eraman baitzituzten tarte osoan berotasunaz gain, gau ilunari argitasun eta kolore puntu bat gehitu zioten.

Ikuskizun hori areagotzera etorri ziren, jarraian, Mauleko maskaradan lanean dihardutenek, eta ongi areagotu gainera. Horientzat ere une berezia izan zen, lehen aldia baita mauletarrek maskarada bat prestatzen dutena.

Bestalde, nabarmentzekoa da, ostiraletik atzorako gau hortan parte-hartzaile gazteenen artean nabaritu zen zirrara, ordu horietan Korrika gidatzen zebiltzan pertsonen esanetan -ezinezkoa baita pertsona berdinek hamaika egunez jarraian ezertan aritzea-, haurrak «oso-oso goiz» hasi baitziren agertzen errepide bazterretan Korrika ikusi eta txalotzen, eta errepidean bertan korrika ere.

Benetan ikusgarria izan zen ere Zuberoa utzi eta Nafarroa Behereko Donapaleu herrian gertatutakoa. Bertan, zanpantzarrak izan ziren, Korrika 15i eta honekin zetozen guztiei harrera egin ziotenak. Oso une polita bezain entzungarria izan zen dudarik gabe.

Une historikoa Maulen

Nafarroa Beherea ere atzean utzi eta poliki-poliki euskararen aldeko ekimenik arrakastatsu eta jendetsuen hori Lapurdin barneratu zen eta bertako hiriburura 12.00ak aldean sartu zen. Bertan, 2091. kilometroa Euskararen Erakunde Publikoak erosi zuen, eta horren atzetik etorri zen hainbat eta hainbat baionar, lapurtar eta baita euskaldunek ere espero zuten unea: Baionako Udaleko alderdi guztiek bat egin zuten Korrika 15eko kilometro bat erosi eta bertan parte hartzeko; «une historiko» modura deskribatu zuten Korrikako furgonetetako batean zihoazen AEK-ko arduradunek ere.

Lapurdi osoan 106,6 emisoran entzun daitekeen Gure Irratia komunikabideko langileek ere ez zuten bi urtetik behin ospatzen den zita garrantzitsu horretara hutsik egin nahi izan eta karabanaren aurretik joan ziren tarte handi batez puxikaz beteriko kotxe batean eta euskararen «Ofizialtasuna» aldarrikatzen zuen afixa handi batekin. Ezpeletan hasi eta Txingudiko badia ingururainoko bidea egin zuen aipatutako ibilgailuak. Gauza bera egin zuten Maulen eta aurreko egunean Xiberuko Botzako langileek ere.

Udaleko alderdiek hartu kilometroaren ondotik, «presoen aldeko kilometroa» delakoa zeharkatu zuten lasterka lekukoa hartu zutenek eta horren atzetik zihoazen guztiek. Esan beharrik ez da, karrera osoan gertaatzen den bezala, tarte horretan ere ez zirela «euskal presoak Euskal Herrira» zioten afixak eta presoen argazkiak falta.

Lekukoa giltza truke

Hiriburuan sartu zirenak dozenaka batzuk baino ez ziren izan arren, laster ugaldu ziren parte hartzaileak, eta minutu gutxiren buruan ehunka izatera pasatu ziren. Hala izanik, Baiona Ttipiko kaleak goitik behera bete zituzten korrikalariek, eta giro benetan atsegina sortu zen. Giroa dagoeneko halakoa zen 2.094. kilometroan Baionako ikastolak, eskolak eta Lizeoak beren kilometroan Korrika 15eko lekukoa hartu zutenerako. Ikasleetako askok aurpegiak ikurrinaz margoturik zituzten eta oso irudi politak eskaini zituzten. Gaztetxea, Segi gazte erakundea eta Baionako bertso-eskolako ordezkariek hartu zuten lekukoa jarraian, eta Ekhi Erremundegi lasterka betean ere bertso bat botatzera ausartu zen antolatzaileek eta AEK-ko arduradunek hala eskatuta.

Baionan bizi izan zen unerik hunkigarriena, ziurrenera, 2.097. kilometroan bizi izan zena da. Hori Oreka zirko eskolak eta Baionako gau eskolak erosi zuten erdibana. Hasierako zatia zirko eskolako bi kidek eraman zuten, pailazo sudurra jarrita eta ikuskizun alaia eskaintzen atzetik lasterka nahiz alboetatik begira zituztenei. Une gorena bigarren erdian iritsi zen, ordea. Jakina da Korrika-ren edizio honetan bilduko denaren zati bat Baionako euskaltegi berriak -oraindik lanetan ari dira eta datorren ekainerako martxan jartzea espero dute- sortutako diru galerak arintzera bideratuko dela. Eraikin berriaren aurretik pasatu zen Korrika atzo, eta hor bertan eman zioten lekukoa urte askoan Baionako gau eskolako lehendakari izan den Miguel Torreri -AEK-ko kide batzuek aipatu zutenez, lan izugarria egin du eta «ziurrenik, Baionako gau eskola inoizko egoerarik onenean utzi du»-. Honek, baina, euskaltegi berria irudikatzen zuen giltza erraldoi bat zeraman gainean, eta hori AEK-ri eman zion. Hala bada, elkartrukea egon zen, lekukoa euskaltegiaren truk. Ezagutzen duen jendeak oso maite du Miguel, eta hori nabarmen geratu zen une horretan eskaini zioten txalo zaparrada entzunda.

Bestalde, 2.099. kilometroa Baionako bertako Aviron taldeak erosi zuen, eta maskota, Pottoka, izan zen lehen metroetan hura eramateko ardura bere gain hartu zuena. Pottokaren eginkizuna, ordea, ez da ardura hori hartzea, jendea -eta kirolariak- animatu, bultzatu eta gozaraztea baizik, eta metro gutxi batzuk egindakoan horretan aritu zen buru-belarri. Taldeko bi jokalari izan ziren ordutik aurrera kilometroa bukatu arte lekukoari heldu ziotenak.

Angelun sartu zen ondoren Korrika 15, eta bertan, ikusteko modukoa izan zen Ibaialde elkarteko arraunlari eta gainerako kideek lasterketari egin zioten ongi-etorria: «pasilloa» egin zioten lasterketa buruari eta ondoren, arraunak bizkarrean zeramazkitela hartu zuten lekukoa. Jarraian Angelu Dantzan taldeko dantzariek ere heldu zioten lekukoari, denak behar bezala jantzita eta kriskitin hotsa lau haizetara zabaldurik. Ondoren, euskalgintzako eragileek ere hartu zuten lekukoa, eta jendeak euskararen alde lan egiteko asmo eta gogo sendoa dituela argi geratu zen.

Jendetza mugan

Horren ondotik, Lapurdi ekialderantz abiatu zen Korrika, eta Hendaiatik barna Gipuzkoara pasatu zen. Santiago zubiaren bi aldeetan jendetza izugarria bildu zen lasterketa txalo eta txalaparta hotsez agurtzen. Horrela, Gipuzkoan azken sartu-irtena egin zuen Korrikak, eta gau partean Nafarroan sartu zen gaur goizaldean Iruñera iristeko.

Bertan, jai paregabea antolatu du AEK-ko Nafarroako ordezkaritzak, eta eguraldiak atzo goizean adina laguntzea baino ez dezagun espero. Aspaldiko partez, eguzkia ikusteko aukera ere izan zuten atzo goizean Korrika-ren karabanarekin batera zihoazenek, eta azken hamar egunetan nagusi izan den giro petrala ikusirik -elurra, hotza, euria etengabe, lainoa, kazkabarra-, ez da gutxi.

Antolatzaileek behin eta berriz azpimarratzen dutenez, aurten ziurrenik inoiz baino gehiago ikusi da Korrika oztopoen gainetik aurrera egiteko gai dela, eta hala, gaurkoak jai handi bat izan behar du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo