BERRIA - Jose Mari Pastor 2007/4/3. Euskal Herria.
Mendozarik ez gure artean
(...) Eduardo Mendoza espainierazko idazle katalanak hauxe esan zuen behin: «Ez dut uste gaztelania Kataluniatik desagertuko denik, baina hala balitz ere, ez litzateke galera handia izango, gaztelaniaz milioika eta milioika lagun mintzo baitira hainbat herritan. Baina katalana Katalunian baizik ez da egiten».
Hori Mendozak bota zuen, eta Mendoza ez da nazionalista. Gurean intelektualik abertzaleenak ere ez luke halakorik esango. Kontsentsu sozialik ez dago, eta ez litzateke politikoki zuzena izango sentsibilitate bateko herritar batek hori esatea, nahiz eta zantzurik ez egon datozen mendeetan espainiera Euskal Herritik desagertuko dela esateko. Euskara desager daitekeela esateko arrazoirik, ordea, bai.
Beste sentsibilitate batek, aldiz, hauxe bota dezake, lasai asko: «Ez dugu onartuko gaztelania Euskal Herriko eskoletatik kanpo uztea». Eta inork ez dio erantzungo: «Ez dugu onartuko euskara Euskal Herriko gizartetik desagertzea». Defentsiban gaude. (...)