GARA > Idatzia > Jo puntua

Kirmen Uribe Idazlea

Agirre lehendakariaren maleta

Borondate kontua da elkarrekin bizitzeko nahia. Ez gara herri bat iraganeko kontuengatik. Elkarrekin bizi nahi dugulako gara herri, borondatez. Herri askotariko eta zabala

Jose Antonio Agirre lehendakariaren memorietan ageri da pasartea. Nola sinestezina izan arren naziengandik ihes egin behar eta Berlineko puntara joan zen gizona. Sanperrenak pasatu zituen Agirrek, eta horiexek denak kontatzen ditu memorietan: gerrako ibilerak, erbestea, familiagandik banadu beharra. Baina badira bestelako oroitzapenak ere. Nola Berlineko bidean maletako giltza galdu eta maleta apurtu egin behar duen atun lata bat jateko, edo nola ahaztuta utzi zuen gabardina tranbia batean, neguaren erdian. Nola trenean emakume alemaniar mardul batek txerrikia eman zion jateko, eta nola edan zuten garagardoa elkarrekin.

Loak hartzeko liburu bat irakurtzen zuen Agirrek. Hark laguntzen zion egoera latza ahazten eta irribarrea ere ateratzen zion noizean behin. Plutarcoren «Bizitza paraleloak» liburuak hain zuzen. Liburuak antigualeko pertsonaien bizitzak kontatzen ditu eta xehetasunetan jartzen du arreta, Plutarcorentzat, enperadoreen maisua zen harentzat, eguneroko xehetasunek egundoko balentriek baino balio handiagoa zutelako. Hantxe irakurriko zuen Agirrek, esate baterako, nola Alejandro enperadoreak lasaitu zuen inork mendera ezin zuen zaldi hura. Zaldia aztoratuta zegoen ikaraz. Uste zuen zerbait zuela atzetik, piztiaren bat. Zaldiari erakutsi zion beldurra ematen ziona bere itzala zela, eta ez zuela berea itzalaren beldurrik izan behar.

Euskal herritarrok ere ematen du zaldi haren antzera bizi garela batzuetan, geure buruaren itzalaren beldur bagina bezala, ziur ez bageunde bezala geure buruaz. Zaldiak, itzala berea zela konturatu zenean lasaitu egin zen, inor ez zeukala atzetik ohartu zenean. Geuk ere ohitu behar dugu geure itzalarekin bizitzen, alboetara beldurrez begiratzeari utzi eta naturaltasunez bidea egiten.

Borondate kontua da elkarrekin bizitzeko nahia. Ez gara herri bat iraganeko kontuengatik. Elkarrekin bizi nahi dugulako gara herri, borondatez. Herri askotarikoa eta zabala. Hiritarren herria, gizabanakoena. Agirre gerra bati aurre egiteko nor izan zen, baina gabardina ahaztuta uzten zuen pertsona arrunta ere bazen. Batez ere zen pertsona.

Euskal Herria zakuto formarekin eginda dauden etxe zaharren atzekoa dela idatzi zuen Agirrek. Etxeko alde batetik bestera joateko eskaileratik pasa behar den etxe horien modukoa. Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa daude alde batera eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa bestera. Horixe dio. Suteak saihesteko izaten zuten forma hori etxe zaharrok. Etxearen alde bat erreko zen, baina ez bestea. Bada geure iraganean ere etxearen alde batek sua hartzen zuenean bestean hartzen genuen babesa euskaldunok, eta alderantziz.

Zakuto formako etxea da Euskal Herria. Erdi-erdian Bidasoa ibaia du. Horixe izan da banandu gaituen ibaia urte luzeetan. Horixe uste izan dugu. Baina benetan biltzen gaituen ibaia da Bidasoa. Eta ibai horretako ura izan dadila sute guztiak itzali eta elkartuko gaituena. Plutarcok zioen herriek zoriontsuak izateko ez dutela behar konkista handirik. Nahikoa dugu geure buruarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo