GARA > Idatzia > Errugbia

TOP 14

Biarritzi laugarren postua gehiago urrundu zaio

Montaubanen aurka berdindu du etxean (9-9) entsegu bakar bat ere egin gabe; Avironek ezin izan zuen ezertxo egin Clermont indartsuaren zelaian (61-24)

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Biarritzek burua altxa ezinik jarraitzen du eta aurreko astean Heineken Kopatik at geratu ostean, atzo gehiegi balio ez duen berdinketa triste bat eskuratu zuen etxean Montaubanen kontra (9-9). Laugarren postuaren lehian da oraindik, eta gehiago urrundu zaizkio atzo irabazi egin zuten Toulouse, bost puntura, eta Perpignan, hiru puntura. Biarritzek azken talde horren kontra hilabete honetan bertan jokatu beharreko partidak erabakiko du, hein handi batean, euskaldunen etorkizuna.

Atzokoaz gutxi esan daiteke. Biarritz 9-3 aurretik jarri zen lan asko eginda -entsegu bakar bat ere egin gabe- Dupuyren hiru ostikadari esker. Baina partidako azken minutuan Roumain Petre Mituk neurketa berdindu zuen zigor kolpe bat atean sartuta. Kolpe gogorra Agilerako zaleentzat.

Egurra Baionari

Aviron Baionakoak, bestetik, ezin izan zuen ezertxo ere egin Clermonteko Marcel-Michelin zelaian, eta azkenean 61 eta 24 galdu zuen sailkapeneko lehen postuaren lehian dabilen talde indartsuaren kontra. Hori-urdinek hasiera-hasieratik erakutsi zuten ez zirela garaipen soil batekin poztuko, eta lehen zatian amaitzerako sei entsegu sartu zizkion zenbait jokalari titular falta zituen Lapirdolp taldeari.

Hala ere, Baionak lau entsegu behintzat egin zituen -Bernard, Massabeau (2) eta Bergez- eta Vermisek hiru ostikada sartu zituen bi makilen artean. Denborarik galdu gabe, zuri-urdinek atzokoa ahaztu eta datorren asteko neurketan pentsatzen jarri beharra dute, Narbonneren kontra mailari eusteko lehian nahitaez irabazi beharreko lehia

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo