Nabarrikada
Ines INTXAUSTI, Telebista kritikaria
Aste Santua ezin hobeto hasi zen. Joan den astean EITBk ondo babesturik Txantreako dinosauroak bitan igo ziren eskenatokira -ostiral eta larunbat profanoetan- eta bakoitzean ia lau orduko kontzertua eskaini zuten beren 25. urteurrena ospatzeko. Garai hartan nahiko «punky-losoa» izan arren, beste hamar lagunekin abiatu ginen Indurain anaien kiroldegira. «Como animal caliente» eta «Pidemelo otra vez» abestien lehenengo akordeak entzun genituelarik, bertako adinekoenak ginela agerian geratu zen, zalantzarik gabe. Horrexegatik, ondo afaldu eta gero hotelera joan ginen hurrengo goizean Iruñera Korrika zetorrelako. Ez zen suertatu oso telebisagarria. Izan ere, euriak busti zituen kamera guztien objetiboak. Eta, halere, Teleberrietako albiste bihurtu ziren bi gertakizunak: Barricadaren gaua eta Korrika-ren eguna. Neguko (eta etxeko) sanferminetan bageunde bezala bete genituen hiriko bazter guztiak. Nostalgia alboan, joan da aste bibliko hau berriro ere. Judu eta erromatarren arteko gurutziltzatzeak, magnizidioak eta berpizkundeak. Sinestezinak ziren niretzat, esoterikoegiak eta larrigarriak. Ikus komunikabideen historia, eta guztiz zentsuratuta zuten egun hauexetan programazioa orain dela urte batzuk. Eta hemen ez zegoen Aita Santuaren buldarik. Gaur, ordea, telebistak haragia agerian jan eta eman dezake lasai asko. «Ben-Hur», «Moises», «Hamar Aginduak» edo «Babel» eskaintzen baditu, entzuleriak nahi duelako izango da. Telebistan, aurrean dituen ikus-entzuleen artean, gehiengoa da Itun Berria eta Zaharra ezagutzen dituena. Hori ez dute telebista kate ezberdinek barkatzen. Urtekari bakarra dute eta denek. Herenegun, eredu gisa, aberri bakarraren mila omenaldien (hau oximoroia!) lekuko izan ginen. Hirutasun Santuaren misterioa baino korapilatsuagoa Aberri Bazko egunena. Urtero gisa, Sarako Literatur Bilkura izan da programaren une onena... Ipar Euskal Herria bezain laketsua eta grisageza, nahiz eta telebistak ikusi ez. Zorionez, bukatu da guztia eta bihar aste ohikoa hasten da. Ez didazue esango ez zenutela gauza txikietara itzultzeko gogorik? Ba nik, bai horixe!