GARA > Idatzia > Pilota

Buruz Buruko Txapelketa

Kokak uste baino erosoago kanporatu du Berasaluze

Errestoan oso gaizki aritu zen bizkaitarra, eta Altzakoak nahierara amaitu zuen tantoa aurreko koadroetan

KOKA 22

BERASALUZE IX 9

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Juantxo Kokak goitik behera menderatu zuen Asier Berasaluze Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatutako partida azkarrean. 130 pilotakada besterik ez zuen izan norgehiagokak -batez beste lau bat pilotakada tanto bakoitzeko-, eta Altzako aurrelariak sekulako egurra eman zion Berasaluze IX.ari; izan ere, ez zen gai izan bere jokoa egiteko.

Lehen sakea gipuzkoarrari egokitu zitzaion eta jokaldi horrekin erabaki zuen partida. Sakez tanto asko egin ez arren, Juantxo Kokak agerian utzi zuen Asier Berasaluze ez dela errestatzaile trebea, eta bikain baliatu zituen aurkariak aurreko koadroetan utzitako aukera-aukerako pilotak.

Altzakoak bai dejada bidez baita hormabikoz ere -dozena erdi tantotik gora egin zituen modu horretan, horietatik lau bata bestearen atzetik partidaren erdialdean- bikain amaitu zuen tantoa, eta Berasaluze hiru tanto lotsagarritan uzteko zorian egon zen 19 eta 3 aurreratu baitzen markagailuan. Baina, zorionez, bizkaitarrak bere sake zitala atera zuen partidaren hondarrean, eta, lau tanto segidan eginez, markagailua zertxobait orekatu zuen.

Garaipen argi eta azkar horri esker, Juantxo Kokak hurrengo kanporaketan Oier Zearraren aurka jokatzeko txartela eskuratu du eta, gainera, bere enpresak, Asegarcek, finalerdietan jada pilotari bat izango duela ziurtatu du, txapelketaren adar hori Asegarceko pilotariek bakarrik osatzen baitute hemendik aurrera; Juantxo Kokak, Oier Zearrak, Patxi Ruizek eta Aimar Olaizolak, hain zuzen ere.

Azkena Bergaran

Buruz Buruko lehen jardunaldia gaur arratsaldean amaituko da Bergarako Udal Pilotalekuan Aritz Laskurainek eta Pedro Martinez de Eulatek partida jokatuta. Jaialdia 16.30ean hasiko da.

Egunak eta lekuak

Datorren asteburuko norgehiagokak non eta noiz jokatuko diren gaur erabakiko dute Aspek eta Asegarcek. Erabakita daude Barriola-Xala, Agirre-Olaizola I.a eta Koka-Zearra lehiak, Oinatz Bengoetxeak gaur ezagutuko du aurkaria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo