GARA > Idatzia > Athletic

Biharamun gozoa Lezaman

Talde jokoan erakutsitako hobekuntzarekin pozik

Javi Martinezek eta Expositok ez diete garrantzirik eman nahi izan Valentziako entrenatzaileak epailearen lanari buruz egindako kritikei

GARA | BILBO

Aspaldiko partez, biharamun gozoa izan zen atzokoa Lezaman, eta Valentziaren aurkako garaipen garrantzitsuari esker, jaitsierako mamua, mementoz behintzat, atzean utzi dute zurigorriek. Racingen aurka porrot oso mingarria jaso ostean -bost gol egin zizkieten kantabriarrek Santanderren- defentsan eta talde lanean izandako hobekuntza nabarmendu zuten atzo Javi Martinezek eta Unai Expositok.

«Horrelako partida bat behar genuen; dena ondo atera zitzaigun. Irabaztea zen garrantzitsuena, eta zortea ere behingoz alde izan genuen, hala ere, batez ere taldearen itxura izan zen garrantzitsua. Oso deberdina izan zen; askoz ere talde sendo eta batuagoa ikusi zen Valentziaren aurka, eta hori da bidea. Lehenago ere esana genuen taldea bizirik zegoela eta une txarra gainditua genuela, eta zer hoberik hori erakusteko Valentziari irabaztea baino», adierazi zuen erdilari nafarrak.

Unai Expositok ere taldea askoz ere sendoago ikusi zuen. «Athleticek denetarako talde bat izan behar du, defentsako laguntzetarako, baita erasorako. Valentziaren aurka, goian kalitate handiko jokalariak dituen talde handiaren aurka, oso ondo jarrita egon ginen eta horrek konfiantza eman behar liguke. Argi dago ez ginela Racingen aurka ematen genuen bezain txarrak, ez eta orain ere, Valentziaren aurka golik ez jaso izanagatik, horren onak», azaldu zuen.

Kritikei kasurik ez

Mejuto Gonzalez epailearen lana gogor kritikatu zuen partida amaieran Valentziako entrenatzaile Quique Sanchez Floresek, baina ez Javi Martinezek ezta Unai Expositok ere, ez zieten inolako garrantzirik eman hitz horiei. «Sekula ez dut epaileei buruz hitz egin, ezta gure aurka egin dutenean ere. Nik denek ikusten dutena adierazten dutela sinisten dut; ez dut esku beltzik ez konspiraziorik ikusten. Kontua da, beraiek ere, futbolariek bezala, akatsak egiten dituztela», alzaldu zuen erdilari nafarrak.

Kontua da Federazioko lehendakari Angel Maria Villarrek Athletic ez zela jaitsiko esan zuenetik, zuri-gorriek Bigarren Mailara ez jaisteko laguntzak izango dituztela uste dutela beste taldeetako askok. «Badakigu hori hor dagoela, eta horrekin jokatzen jakin behar dugu. Ez diogu garrantzirik eman behar; guk futbolean jokatu behar dugu gauza horiek albo batera utzita», nabarmendu zuen Expositok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo