GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bovek elkartasuna helarazi die Lur Berrin itxita dauden lagunei

Hirugarren eguna bete zuen atzo hainbat ekoizle, laborari eta kontsumitzaile Lur Berri kooperatibaren egoitzan egiten ari diren itxialdiak. Arto transgenikoarekin lan egitea onartu du elkarte horrek eta itxita daudenek erabaki hori atzera bota dezaten nahi dute. Bihar da biltzekoa Administrazio Kontseilua. Bitartean, salaketa ekimen horrek atxikimenduak jasotzen jarraitzen du; azkena, Jose Bove-rena.

AZIRITZE

Estatu frantseseko presidentziarako hautagai Jose Bovek bere «elkartasuna» adierazi zien joan den ostiraletik Lur Berri kooperatibaren Aiziritzeko egoitzan itxialdia egiten ari direnei. Berrehun inguru dira ostiral arratsaldetik Aiziritzeko egoitzan itxialdia egiten ari direnak. Horretarako arrazoia, Donapaleu ondoko elkarte horrek genetikoki moldaturiko arto aleak landatu, ekoitzi eta saltzeko berriki harturiko erabakia izan da.

Ostiralean bertan, ehundik gora izan ziren elkarteko egoitzara joan eta bertako zuzendaritza taldearekin hitz egiten saiatu zirenak erabaki hori alde batera utzi eta laborantza transgenikoari ezetza emateko eskatzeko. Alabaina, Lur Berri kooperatibak ez zien Ipar Euskal Herriko OGMren aurkako kolektiboko kide eta bultzatzaile talde horren eskariei men egin.

Ezezko hori zela-eta, egoitzan sartu zirenek itxialdia gutxienez bihar arte luzatzea erabaki zuten, orduan egingo baitu elkarteko administrazio kontseiluak biltzar berezi bat. Larunbaterako jada, berrehun lagun inguru ziren itxialdian parte hartzen ari zirenak eta egunez eta gauez txandak egin zituzten.

Estatu frantseseko Errepublikako presidentziarako hautagaiaren arabera, egoera «oso larria» da, eta itxialdia egiten ari direnen jarrera txalotu zuen. Horrez gain, «hiritar orori» elikagai transgenikoen aurkako mugimenduarekiko «elkartasuna» adierazteko dei egin zion; itxialdian daudenen jarrera «eredutzat» hartu eta genetikoki eraldatutako produktuen aldeko apustua egiten duen edozein elkarte, erakunde edo instituzioak direla-eta «errepika dezatela» dei egin zion gizarte osoari.

3.000 kalitatezko zigilu

Lur Berri elkarteak arto transgenikoa landatu, landu eta saltzeko erabakia hartua du Euralis kooperatibarekin batera; 5.000 hektarea orotara, eta horietatik 500 inguru Euskal Herrian daude. Elkarteko presidente Sauveur Urrutiagerrek jokaera hori oinarritzeko emandako arrazoi gisa bertako laborari batzuek eskaera hori eskaini izana aipatu zuen, baina Jose Boveren esanetan, «dozenaka batzuk» baino ez dira horiek.

Hori dela-eta, ordea, gaineratu zuen 3.000 nekazari inguru dira OGM ez diren produktuak ekoizteagatik kalitatezko zigiluaren jabe direnak, eta horiek guztiak, «OGM ekoizpenek eragiten duten kutsadura saihestezinak mehatxatuta daude», baieztatu zuen.

Horrez gain, Estatu frantseseko bizilagunen %85 OGMren aurka daudela gogoratu zuen, eta hori dela-eta, Lur Berriri horien alde jokatzeko bidea ireki dion dekretua, Gobernuak «multinazionalei plazer emateko» baino ez duela onartu salatu zuen. Eta erabaki hori, gaineratu zuen Bovek, «Parlamentuak eginiko promesa guztiei ezikusiarena egiten» hartu dute.

Errepublikarako hautagaiaren esanetan, genetikoki moldaturiko produktuek «eztabaida eta haserrea» baino ez dute sortzen, eta hori dela-eta, «ezinbestekoa da horren gaineko moratoria», amaitu zuen Bovek.

Itxialdia egiten ari direnak, hein batean, pozik daude Lapurdiko kooperatibako administrazio kontseilua bihar goizean bil dadila behartu dutelako, baina Lur Berrik transgenikoekin lan egiteari ezetza eman arte lanean jarraituko dutela ziurtatu dute. Biltzar bereziak onartzen duenaren arabera erabakiko dute itxialdiko partaideek noiz arte jarraitu ekimenarekin edo zein beste neurri hartuko duten.

«Dozenaka batzuk"

Lur Berrik bertako laborari batzuen eskaerei erantzunez erabaki omen du genetikoki eraldatutako produktuekin lan egitea. Boveren arabera, «dozenaka batzuk» baino ez dira horiek.

«mehatxatuak"

Inguruko 3.000 laborari daude, Bovek dioenez, arto landaketa transgenikoen mehatxupean, horiek baitira OGM ez diren produktuak lantzeagatik kalitate oneko zigilua dutenak.

%85 aurka

Presidentziarako hautagaiak gogora ekarri duenez, Estatu frantseseko bizilagunen %85 azaldu dira genetikoki eraldatutako produktuak landatu, ekoitzi eta merkaturatzearen aurka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo