Argi dago Irakerako irtenbidea zein ez den
Atzokoa egun tragikoa izan zen Iraken, bereziki tragikoa. Oraindik ezin eman daiteke hiriburuko atentatuetako hildakoen kopuru zehatzik, atzo orduz ordu, ia minutuz minutu kopurua emendatu egiten baitzen. Baina egun bakar batean horrenbeste hildako gertatzeak arreta eman eta kezka eragiten badu ere, Bagdaden, Irak osoan, egun guztiak dira tragikoak. Egunero izaten dira hainbat atentatu, egunero okupatzaileen eta Gobernuko indarren erasoak eta, ondorioz, egunero izaten dira hildakoak, eta badirudi maiztasun horrek gaurkotasuna kentzen diola gatazkari. Baina hango egoera gero eta larriagoa da, eta atzoko atentatuak, haien ondorioz hil eta zauritutako lagun ugariak, horren erakusgarri tragikoa dira.
Egoera lazgarri hori Iraken inbasioarekin batera hasi zen eta, George W. Bushek aspaldian gerra amaitutzat jo bazuen ere, okerrera baino ez du egin. Otsailean indarrean jarri zuten segurtasun plana, lehenik Bagdadeko eta ondoren herrialde osoko egoera egonkortzeko aukera gisa aurkeztua, alferrikakoa dela erakutsi dute egunez eguneko gertakariek. Okupatzaileak eta Gobernua ez dira hainbat auzo eta eremu kontrolatzeko gauza, eta erresistentziak ahalmen ikaragarria erakusten du nonahi jotzeko, are Eremu Berdea delako segurtasun handieneko gunean ere, joan den astean Legebiltzarrari eta Al Sarafiya zubiari eraso izanak erakutsi zuen moduan. Argi dago, beraz, indar okupatzaileak ez direla gai herrialdeko segurtasuna bermatzeko, ezta hurrik eman ere. Okupazio bidegabe horren helburua Iraken demokrazia ezartzea dela esatea gustu txarreko txantxa baino ez da. Ez dirudi, ordea, Bushen asmoa bere tropak herrialdetik erretiratzea denik; aitzitik, Kongresua kontra izanik ere, soldadu kopurua emendatzeko asmoari eusten dio.
Zaila da Irakeko egoera jasanezinari irtenbidea antzematea. Hala ere, argi dago irtenbide hori zein ez den, azken bi hilabeteotan frogatu denez. Eta, beraz, irtenbide edonola ere zail baterako lehen urratsak indar okupatzaileak lehenbailehen alde egitea beharko luke izan.