Bixente Vrignon Kazetaria
Euskal Herria Bai
Euskal Herria Bai izenapean aurkeztuko dira hautagai abertzaleak, heldu den ekaineko hauteskunde orokorretan, frantses Parlamenturako. Presidentea hautatu ondoren, frantses Estadoko hautesleak deituak izanen dira beren diputatuak izendatzeko.
Abertzaleen egoera gaur egun Iparraldean, zatiturik agertzen da, bainan azken finean, ez beste familia politikoak baino gehiago. Zatiketa horiengatik, badira arrazoi politiko eta historikoak, ezker eta eskuinen arteko marra izateaz gain, Frantzia eta Euskal Herriko muga bat badelako ere, ahantzi gabe Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko bereizte politikoa.
Euskal Herria Bai plataforma honen xedea zen abertzale guzien batzea, hauteskunde horientzat, eta de facto, luzaz mintzatu dira Iparraldean ordezkatuak diren formazione guziak: AB, Batasuna, EAJ, eta EA. Kasu ainitzetan, batasunak frogatu du bere efikazia: ulert errexa da boz-emailearentzat, mezua argitzen du, eta dinamika bat sorrarazten du mugimendu batean. Alderantziz -eta egia da mugimendu politiko guzientzat- konkurrentzi politikoak galdegiten du indar galtzea, esplikatzeko zergatik norberaren eskaintza ondokoarena baino interesgarriagoa den. Aski da ikustea frantses presidentzialerako hauteskunde horietan, hiru hautagai trotskisten kanpaina, ulertzeko oztopo hori.
Abertzaleei dagokienez, batasuna salbuespen bat izan ohi da hauteskundeentzat, eta oraino gehiago hauteskunde orokor horientzat. Abertzaleak, hasten dira indar politiko sinesgarri bat izaiten 1988an, preseski %5eko marra sinbolikoa gainditzen dutelarik. Urte hartan aurkezten dira koalizio elektoral bat gisa, EA, EB, eta Ezkerreko Mugimendu Abertzalea. Koalizio honek, izenez, Mouvement Uni Abertzale hautatuko du frantsesez, Abertzaleen Batasuna (AB) euskaraz. Plataforma batetik, egiazko mugimendu politiko bat izan baino lehen, urteak pasatuko dira, bainan geroztik, abertzaleek ez dute sekulan gehiago jautsiko %5eko marra sinboliko honen azpirat. Gainera, eskuin, edo zentroko eskaintza bat agertuko delarik, EAJrekin. Egun, emaitz onenen uzta 1997an izan da, bozen %9,32rekin (AB: %6,45, EAJ-EA: %2,87), eta 10.943 boz-emailerekin (AB: 7.573, EAJ-EA: 3.370). 2002an, EAJ-EAk, galdu zuen bere boz-emaileen erdia, eta AB abantzu pundu batez jautsi zen, justu Batasunarekin zatiketa izan ondoren. Batasunak hautesleak harrituak utzi zituen hautagaiak ordezkatuz baina bozkatzeko paperik banatu gabe.
Zeren abertzaleen joko politikoa Iparraldean oraino gehiago konplikatzeko, Hegoaldean jokatzen denak, ondorio zuzenak ditu. Normala da bide batez, abertzale ikuspundu batek, Euskal Herria bere osotasunean hartu behar baitu. Salbu, ondorio horiek beti zentzu bakarrekoak direla: Hegoaldeko alderdien arteko jokamoldea, berehala sendiarazten baldin bada Iparraldean, Iparraldeko egoerak ez du sekulan bazterrik nahasi Hegoaldean. Adibidetzat, dira Batasuna eta EAJren sortzeak Iparraldean, Hegoaldeko egoerarekin ainitz ikusteko dutenak. Adibidetzat ere, EAJren erabakia, Euskal Herria Bai plataformatik at gelditzea, mementuko bederen, aldaketa politiko batek -Hego Euskal Herrian noski- karreatzen ahalko bailuke EAJren berriz koalizioan sartzea.
Hauteskunde orokorrak, ez dira sekulan onenak izan abertzaleentzat, gehien-gehienik, zentratuak baitira frantses politikan, eta Euskal Herria arrunt bigarren mailan gelditzen baita. Bainan perspektiba historiko batetik hartuak, erakusle on bat dira, jakiteko zein heinetan den mugimendua. 2007ko boz horiek partikularrak izanen dira. Erabat zaharkitu eta blokatua den frantses klase politiko batean belaunaldi berri bat jinaraziko baitute poderera. Bigarrenik, heldu dira justu Presidentearen hautatzearen ondotik, eta horrek eragin nagusi bat izanen du. Apirilaren 22 eta maiatzaren 6ko emaitzek gogorki pisatuko dute ekaineko emaitzetan. Emaitzen arabera, berkonponketa politiko baten iturria izanen ahalko litzateke: eskuina bat zatikatua UMP eta UDFren artean, komunisten desagertzea, alderdi sozialistaren zartatzea eskuin eta ezkerreko bi hegalen artean, edo oraino eskuin muturraren aurpegi berri bat, alderdi «errespetagarri» bezala. Horiek guziak, hipotesiak besterik ez dira, igande honetan berifikatuko direnak, baina maiatzaren 6ko biharamunean, lau aste eskas geldituko dira egoera berria jorratu eta moldatzeko.
Zeren, nolaz herri honetan hauteskundez hauteskunde ibiltzen garen, hauteskunde orokorrek prestatuko dituzte herriko bozak, eta departamendukoak, horiek bai zinez garrantzitsuak abertzaleentzat. Ekaineko hitzordura, ez dira argumentorik gabe abiatzen abertzaleak. Alde batetik batasuna, nahiz eta EAJrik gabe, dinamika berri bat sorrarazi beharko bailuke. Bestetik, sekulan gertatu ez den bezala, azken 50 urte horietan, abertzaleak frente guzietan, kanpaina iraunkor batean gelditu dira. Eta borroka guzietatik, departamenduaren aldekoa ez da ttipiena. Hortan baita Ipar Euskal Herriko abertzaleen borroken gakoa: onarpena, errekonozimendua. Frankismoaren ordu beltzenetan, nehor ez da sekulan menturatu Bizkaia, edo Gipuzkoa desagertaraztea, gizarte antolaketak, beti kondutan hartu ditu errealitate horiek, maila guzietan: osasuna, hezkuntza, bideak, etab. Euskaldunei mugaz alde honetan, ukatzen zaie beren izate soil hori. Nehork ez daki zenbat lapurtar, xiberotar eta baxenafartar pobre baden, zenbat duten goi mailako hezkuntzaren diplomik, zeintzuk zein irrati entzuten duten, zenbat elektrizitate kontsumitzen duten... azkenean, behar diren neurri guziak tokiko politika bat marratzeko. Hori dena, sinpleki, zeren euskaldun horiek ez dira existitzen. Zatiketa administratibo baten mendebaldeko partea dira.
Azken hamar urte horietan, Batera plataformarekin, borroka ez da gelditu onarpen hori galdegiteko, eta berrikitan altxatu izan den Laborantza Ganberak ontsa frogatzen du errekonozimenduaren eskasak zein ondorio latzak dituen. Borroka horiek, beren itzulpen matematikoa izan behar dute heldu diren bozetan. Jokoan da abertzaleentzat egiazko alternatiba bihurtzea, herriko politika kudeatzeko. Baina horretako lana hasten besterik ez da, batasuna ere, elkarren arteko borroka baita.