GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Desafioa

Alkizalete I.a eta Ormaetxea gogotsu daude apusturako

Asteasuarra eta orendaindarra datorren igande arratsaldean neurtuko dira Asteasuko pilotalekuan

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Xabier Alkizalete eta Jexuxmari Ormaetxea Urki neurtuko dira datorren igandean, Asteasun (18.00). 14 kana-erdiko erdibitu beharko dituzte, eta alde bakoitzak 3.000 euro jokatuko ditu dirutan. Enborrak, berriz, zortzi plazaratu beharko ditu Ormaetxeak, eta sei, Alkizaletek.

Xabier Alkizaletek 23 urte bete berriak ditu, baina ezezaguna da aizkora munduan. Orain arte, ofizialki behin plazaratu da, eta hura Euskal Herriko Hirugarren Mailakoan izan zen.

Asteasuarra gogotsu dago igandeko desafiorako: «Ongi nago eta gogotsu. Oraindik lasai nago, baina eguna iristen joaten den moduan, nerbioak agertzen hasiko direla uste dut». Apustua bere herrian jokatuko du, eta horrek indarra ematen omen dio. «Herriko jendea asko ari zait animatzen, eta igandean ere horrela izango delakoan nago», adierazi zuen.

Aizkora mundura nola heldu zen aitortu zion asteasuarrak GARAri: «Herriko festetan, gazteen arteko saioetan hasi nintzen, eta jendeak bultza egin zidan aurrera egiteko; nik horixe egin dut».

Hori bai, oso garbi dauka, igandean gertatzen dena gertatu, aurrera egingo duela. «Dudarik gabe, galtzen bada ere ez dut utziko; nik aurrera egin nahi dut. Ez dakit Gipuzkoako Bigarren Mailakoan aterako naizen, baina Euskal Herriko Hirugarren Mailakoan aterako naiz», esan zuen.

Berak sei kana-erdiko plazaratuko ditu, eta enborrak onak izango direla aitortu zuen: «Bai, gure asmoa enbor onak eramatea da». Azkenik, irabazten duena ordubetera gerturatuko dela iruditzen zaio. «Enborren arabera izango da, baina uste dut ordubetera arrimatuko garela», esan zuen.

Segalari ezaguna

Jexuxmari Ormaetxea segalari ezaguna da. Goi mailakoa da kirol horretan, eta txapelduna izandakoa. Iaz, belauneko lesio bat zela-eta, ezin izan zuen parte hartu.

Segan ezaguna izan arren, aizkoran ezezaguna da, hilabete batzuk besterik ez baitaramatza kirol horretan, eta igandean plazaratuko da lehen aldiz. Kirol horretan nola hasi den esan zion GARAri: «Lagun batek aizkorarako aprobetxatzeko moduko egurra bazuela, eta hortik animatu nintzen; probatu egin nahi nuen, aizkora ere gustuko baitut», esan zuen.

Igandekoa pasatzen denean, segara itzuliko omen da. «Bai, segako bi txapelketetan aterako naiz; ez dut aizkorako lehiaketetan parte hartuko», baieztatu zuen». Alde horretatik, igandekoaren ondoren beste norbaitek desafioren bat botako balio, pentsatuko luke. «Orduan ikusiko litzateke, baina besteren batek desafioa botatzeko lehenengo igandekoa irabazi beharko nuke», azaldu zuen.

Segatik aizkorarako aldaketa handia izan dela onartu zuen: «Prestakuntza fisikoa bera da, baina gero dena aldatzen da; zuritik beltzera bezalakoa da. Aizkoran asko aritu behar da teknika hartzeko; bi kirolek ez daukate zer ikusirik».

Igandeko apusturako ilusio ikaragarria omen dauka. «Ilusio handia daukat. Biok gara berriak mundu honetan, eta ikusiko dugu zer gertatzen den», adierazi zuen.

Berak zortzi enbor plazaratu beharko ditu, eta nolakoak izango diren esan zuen: «Enborrak ez dira gogor horietakoak izango. Gogorrak eramanda, kontuan izan behar da ez dituela besteak bakarrik ebaki behar; norberak ere moztu behar izaten ditu. Egurrak onak izango dira. Ez dira gozo-gozo horietakoak izango, baina txarrak ere ez», esan zuen Urkik.

Azkenik, Orendaingoak kalkulatuta dauka zenbat denboratan amai ditzaketen igandeko apustuko lanak. «Enbor onekin, uste dut 50 minuturen bueltan izan daitekeela, baina biok gara aizkolari berriak, eta epaietan-eta nahasten baldin bagara, hortik gora erraz joan gaitezke», jakinarazi zuen. Iruntxiberrirekin dabil entrenatzen Ormaetxea; eta Arrospiderekin, berriz, Alkizalete. Biek ere ez dituzte maisu txarrak aukeratu.

Berriak

Ormaetxea ezaguna da sega munduan, goi mailara heldu baita kirol horretan, baina aizkoran lehen aldiz plazaratuko da igandean. Alkizalete ere berria da kirol horretan; lehen aldiz, iazko Euskal Herriko Hirugarren Mailakoan agertu baitzen.

Ikusmin ikaragarria piztu da

Igande arratsaldean Asteasun jokatuko duten aizkora apusturako ikusmin ikaragarria dago, eta seguruenik ere, Asteasuko pilotalekuko harmailak txiki geratuko dira. Zaleak aizkolari berriak ikusi nahi ditu, eta horrelako desafioek erantzun bikaina izaten dute.

Aurrekariei begiratuta, gainera, dena baieztatzen da. Iazko udazkenean, Berrobin, bi aizkolari berriren arteko dema ikusteko pilotalekua erabat bete zen. Iazko udaberrian, berriz, Azpeitiko lau gaztek aizkoran eta segan egin zuten, eta apustua ikusteko 1.500 ikusle batu ziren.

Etziko ere jende asko espero da, eta jadanik desafio horren inguruko kontu ugari entzuten dira. Hemen bi aizkolariak dira berriak, baina Ormaetxea herri kirol munduan oso ezaguna da, eta jendeak ikusi eta jakin nahi du ea Orendaingoa aizkoran zer moduz moldatzen den. Gainera, Alkizalete Asteasu bertakoa da, eta garbi dago ikusmina handia dela.

Asteasuko pilotalekuan, 400 ikusle ingururentzako lekua dago, baina apustu hori antolatzen dabiltzan lagunek harmaila eramangarriak ere eraman dituzte pilotalekura, eta 1.000 ikusle ingururentzat jarriko dute lekua. Dena betetzen bada, ez da inor haserre izango.

Apustuetan, ordea, kanpoko jendeak ere jokatzen du dirua, eta kasu honetan bezala, biak berriak direnean, ez da erraza izaten faboritoa zein den esatea. Baina badirudi jendea Ormaetxearen aldeko joerarekin dagoela, edo orain arte, behintzat, diruak bere alde egiten du, nahiz eta alde handia dagoenik ere ez dirudien.

Igandekoa aurtengo bigarren desafioa izango da, eta ekainareko beste bat geratuko da. Orduan Lasa eta Txapartegi neurtuko dira, baina haiek aizkoran eta segan izango dira.

J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo