GARA > Idatzia > Kultura

Gaztetxoak ikusle eta eragile izango dira sei astez itxuraldatutako Arriagan

Bilboko Arriaga Antzokiak etenaldia egingo du ohiko jardunean umeei zuzendutako ekoizpen bati lekua egiteko. «Abentura antzokian" izenburua du Lluis Pasqual aholkulari artistikoaren egitasmoak eta «play stationarekin ezezik" eszenarekin ere gozatu dezaketela erakutsi nahi die haurrei. Laurogeitik gora saio aurreikusi dituzte maiatzaren 26a arte.

Izaskun LABEAGA | BILBO

Arriagako beheko jarlekua desagertu egin da ``Abentura antzokian'' proposamenari lekua egiteko. Sei astez -apirilaren 23tik maiatzaren 26ra- 7 eta 12 urte bitarteko gaztetxoak izango dira protagonista, ikusle eta eragile.

Lluis Pasqual Arriagako aholkulari artistikoak bultzaturiko proiektua da. ``Hamlet'' eta ``La tempestad'' izenburuak aurkeztu ondoren, guztiz bestelako ikuskizun bat plazaratzeko gogoa zuen, atzo azaldu zuenez. Bi urte dira ``Abentura antzokian'' egitasmoa prestatzeari ekin zionetik. «`Hamlet' eta `La tempestad'ekin gure existentziaren berri ematea zen xedea», oraingo hau, berriz, Pasqualek haurren heziketaren inguruan duen kezkak piztuta dator. Umeen gozamenerako ikuskizuna da astelehenean estreinatuko dena. Sortzaile katalandarrak badu beste mezurik guraso eta iraskakuntzako langileentzat ere bai, alegia, antzerkiak heziketarako beste bide bat izan daitezkeela.

«Antzerkian batek ezin du hitz egin besteak amaitzen ez duen arte. Entzuteko eskola garrantzitsua da antzerkia», aipatu zuen atzo.

Hiru ikuskizun batean

Hiru zati dituen ikuskizuna da ``Abentura antzokian'': `A Alfabetoa', `Denboraren museoa' eta `Joneren ametsa'. Raul Cancelo, Fernando Bernues eta Lluis Pasqual bera dira lanon arduradunak, hurrenez hurren.

Pasqualentzako bezala, inguruan izan dituen beste profesional askorentzat hori izan da haur antzerkiaren munduan lehen ekoizpena. Beste batzuek, aldiz, esperientzia handia dute arlo horretan.

Umeekin eskarmentu handia duen Hortzmuga taldeari egokitu zaio ikuskizunaren hasierako lana prestatzea. Raul Canceloren konpainiaren lana izango da gaztetxoak erakarri eta «jauregian sartzen gonbidatzea».

Plazan abiatuko da saioa eta antzokiko sarrera eta korridoreetan barrena jarraituko du `A Alfabetoa'ren hizkien bilaketa, musika eta jolasekin lagunduta. Julen Gabiriarena da testua, Jose Ibarrolarena jantzien diseinua eta Shanti Basaurirena musika. «Bilbo mobilizatu eta antzoki desberdin bat aurki dezala nahi dugu», esan zuen Cancelok.

Eszenatokian burutuko dute ``Denboraren museoa''. Fernando Bernuesek zuzenduriko obra Jose Antonio Portilloren lan batean oinarritua dago. Bilboko lurrazpian kokaturiko bilduma sekretuaren inguruan garatuko da ikuskizuna. Txan Magoa dago tartean.

Bernuesek Pasqualen ekimena txalotu zuen Arriagan eskaini zuen berbaldian. Tanttakako kideak nabarmendu zuen ez dela oso arrunta izaten antzoki batean etekin ekonomikoak ez diren beste arrazoiez bultzatutako proiektuak ikustea. Bere hitzetan «ausardiaz» jokatu du Arriagak: «Familientzako ikuskizun batekin, hiru astez ixten duen beste antzokirik ez da izango Estatu osoan», esan zuen.

``Denboraren museoa''ren eta ``Joneren ametsa'' hari jarraituko dion piezaren testuak Patxo Telleriak idatzitakoak dira. Pertsonaia bat dute komunean eta horrek lotura ematen die bi istorioei.

Pasqualek zuzendurikoa da azken montajea. Hustutako butaka-patioan Jone aurkituko dute lo ikusleek. Umeek beldurrari aurre egiten lagundu beharko diote eta hiru proba gainditu beharko dituzte.

Jose Ibarrolak eman dio batasuna ikuskizunari eszenografiaren diseinuarekin. Ez da lan erraza izan «hiru pertsonalitate hain desberdini» ikuskizun bakar baten itxura ematea. Hori izan du erronketako bat baina ez bakarra. Bestea, antzerki ekintzaren eraikuntza umeen aurrean agertzeko moduan asmatzea izan da.

Astea osoan, ikatetxeetako haurrei zuzenduriko saioak izango dira eta asteburuetan gainerakoentzako funtzioak.

ANTZOKIA, ESKOLA

«Antzerkian batek ezin du hitz egin besteak amaitzen ez duen arte. Entzuteko eskola garrantzitsua da antzerkia», aipatu du Lluis Pasqual Arriagako aholkulari artistikoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo