GARA > Idatzia > Kultura

Gizakiok bizitzan uzten ditugun markez hausnartu du Atxagak

«Markak. Gernika 1937" liburua aurkeztu zuen atzo Bernardo Atxagak. Gernikako bonbardaketa erreferentzia hartuta, gizakiok bizitzan uzten ditugun arrastoez hausnartzen du. Gainera, bonbardaketari buruz garai hartako hainbat pertsonalitateren idatziak ere jasotzen ditu.

GARA | GERNIKA

Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrena dela-eta, «Markak. Gernika 1937» Bernardo Atxagak idatzitako liburua kaleratu du Pamiela argitaletxeak. Liburuan gizaki guztiek bizitzan uzten ditugun markei buruz hausnartzen du idazleak. Hausnarketa horren testuingurua Gernikako hondamendia da.

«Gernikako bonbardaketara eta (Picassoren) koadrora modu poetikoan gerturatu naiz liburu honetan, baita bere existentziaren aztarnarik utzi gabe mundu honetatik inork joan nahi ez duelaren egiara ere. Hori da egin dudan hausnarketa poetikoa», azaldu zuen Atxagak Gernikako udaletxean atzo izandako aurkezpenean.

Bere testuak ez ezik, liburuak beste egile batzuen idatziak jasotzen ditu, hala nola, Luis Cernudarenak, Esteban Urkiaga Lauaxetarenak edota Cesar Vallejorenak. Era berean, testigantza historikoak ere irakur daitezke «Markak. Gernika 1937» lanean.

Liburua egituratzeko garaian, Picassoren artelan ospetsua izan du eredu. Asteasuko idazleak argitu zuenez, «koadroa mentalki jarraitu dut». «Liburua bonbardaketa baten egitura dauka. Hirugarren orrialdean Gernikari buruz hitz egiten da, hamargarrenean berriro aipatzen da eta 21, 22, 23 eta 24. orrialdeetan bonbardaketari buruzko idatzien bonbardaketa dago», nabarmendu zuen.

«Markak. Gernika 1937» liburuarekin batera «Guernica» faksimile-edizio mugatua prestatu du Pamielak. Liburuxka hori Euzkadiko Jaurlaritzak argitaratu zuen 1937ko bonbardaketa nazioartean salatzeko. Ingelesez plazaratu zuen «faxisten bertsioari aurre egiteko».

«Guernica»k 80 bat argazki eta hainbat testu historiko jasotzen ditu. Alberto Onaindia kalonjeak bonbardaketaren lekuko izan ondoren, Paristik egindako kontaketa; atxilotutako pilotu alemanen aitorpenak; Jesus Maria Leizaolak, Bonifacio Etxegaraik, Eusebio Arronategik eta Jose Labauriak Euzkadi Irratian eskainitako mintzaldiak ingelesez agertzen diren testu horietako batzuk dira. Idatzion euskarazko itzulpenak Atxagaren liburuan daude. Euskaraz ere «Ludi guzian aurkitzen zeraten euskaldunak» sinatu gabeko deia eta Sabino Aranaren «Lenago il...!» olerkiaren zatiak jasotzen ditu.

Atxagaren liburua gaztelaniaz ere argitaratzeko asmoa du Pamielak.

Fitxa

Izenburua: Markak. Gernika 1937.

Egilea: Bernardo Atxaga (1951).

Argitaletxea: Pamiela.

Salneurria: 12 euro («Guernica» liburuarekin batera, 17 euro).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo