GARA > Idatzia > Kultura

Zinea, musika eta hitzaldiak elkartzen dituen jaialdia Baionan

«Rencontres sur les Docks» (Topaketak dikeetan) jaialdia apirilaren 25etik 28ra iragango da Baionako L'Atalante eta L'Autre Cinema aretoetan. Gizartearen ahotsa entzun dadin hainbat ekitaldi antolatzen ditu jaialdiak eta hirugarren edizioa du aurtengoa.

Idoia ERASO | BAIONA

«Rencontres sur les Docks»ek egungo gizartearen gai gatazkatsuenak ezagutzeko aukera emango duen zinema-programazioa eskainiko du. Aurreko bi edizioetan eskainitakoari hitzaren berritasuna gehituko dio jaialdiak, izan ere, «hitzaren» garrantzia nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek eta horretarako hitzaldiak eta mahainguruak antolatu dituzte gauero.

Dokumentalak izanen dira jaialdiaren protagonistak eta gaia irudietan ikusi ondoren hitzen bitartez sakontzeko parada eskeiniko dute antolatzaileek. Batzuetan filmeetako egileak izanen dira present eta beste batzuetan, aldiz, gaiarekin lotura berezia duten pertsonak, beti ere joandako jendeari hitza hartzeko parada luzaturik.

Brasilgo nekazariak

Brasilgo behartsu eta lurrik gabekoen errealitatea bi filme ezberdinen bitartez, erakutsiko dituzte Baionan. Jean-Pierre Dureten «Romances de terre et d'eau» eta Andrea Santanaren «Le rêve de Sao Paulo» kultura aberatsa bai, baina ekonomikoki txiroak diren laborari brasildarren ispilu dira. Azken filme horren proiekzioak emango dio bukaera jaialdiari igandeko bederatzietan, eta ondoren zuzendariekin mintzatu ahal izanen da. Ostirala ere nekazarien gaua izanen da eta «Le rêve de Sao Paulo»ren egileak bertan izanen dira Laborantza Ganbarako Michel Berhocoïrigoinekin.

Jaialdiaren lehen egunean zenbait gai jorratuko dituzte, «Notre pain quotidien» eta «We feed the world» filmeek janariaren gaia landuko dute. Adierazpen askatasunari buruzko mahai inguruak Iban Etxezaharreta kazetariaren, Frédéric Shiffter filosofoaren eta Ni putes Ni soumises elkarteko kideen parte-hartzea izango du. Azkenik Burkina Faso ezagutzeko aukera izanen da, alde batetik «Thomas Sankara, l'homme intégre» filmea proiektatuko baitute eta ondoren Giséle Prignitz unibertsitateko irakasleak eta Rémi Rivière kazetariak gidatu topaketa izanen delako.

Apirilaren 26ean Fumel enpresako langileen egoera emanen dute ezagutzera, bai haien presentziarekin, baita «Fumel, de feu, de fer et de rock» dokumentalarekin.

Musikak bere tartea izanen du Garazi Philanthropik Orchestrak larunbatean eskainiko duen kontzertuarekin, afari brasildarra eta «El camino de San Diego» filmearen aitzinetik, hain zuzen ere. Bestalde, Golgoth 13 taldearen kontzertuarekin hasiko da «Rencontres sur le Docks» apirilaren 25ean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo