Komunikazioaren suak Fermin Muguruza berriro oholtza gainera ekarri du
Afro-Basque Fire Brigade. Horra irundarrak sua pizteko osatu duen hamabi laguneko banda berria, 18/98 kontzertu hunkigarrian loratu eta zuzenekoetara bultzatu duena, etxean hasi eta munduan barrena kulturen arteko talkaren beharraz arituko dena.
Aspaldi buruan zuen amets bati erantzunez, Xabi Pery ekoizlearekin eta Jon Elizalde eta Xabi Solano musikariekin batera Jamaikara joan zen Fermin Muguruza, Bob Marleyren Tuff Gong International estudio mitikoetan reggae album bat grabatzeko, eta baita lortu ere. Ezina ekinez egina.
Disko ederra oparitu zigun bueltan, bakarka egina duen ibilbide arrakastatsuan beste maila bat igoz. «Euskal Herria Jamaika Clash» izeneko lanak kulturen arteko topaketa, ospakizun zentzua hartu zuen eta irundarrak ohiko duen gisan, makina bat artisten laguntza ere jaso zuen; nazioarteko reggae izarrak eta artista berriak, kasu honetan. Ohiko euskal bloketik aparte -Sorkun, Jon Tronbon Elizalde, Xabi Solano eta zuzenekoetan baita Mikel Abregok ere osatzen dutena-, jamaikar andana hurbildu zen Kingston hiriko estudioetatik Irungo musikari iritzigilearekin batera abesteko, izan Masta Blasta edo Lisa Dainjah gazteak, edo izan Luciano, U Roy edo Toots -bereak dira besteak beste, jatorrizko «Sarri, Sarri», «Monkey Man» edota «Beti Presaka»-. Denak aipatzeko, ezin kanpoan utzi I-Threes emakume kantarien taldea, Yacine edo gure Sorkun. Hamabi kantuz osatua eta Xabi Peryk, Clive Huntek eta Ferminek hirukotean ekoitzia, Pierre Paparemborderen laguntzarekin, ñabardura eta kolore anitzez osatutako krisala dakar jamaikar eta euskal herritarren arteko talka beroak, eta Euskal Telebistak eman ostean «Basque-Culture» izenarekin argitaratu zen dokumental bat ere zuzendu zuen kantari irundarrak honen guztiaren erakusgarri. Ezin ahaztu ekimen berri hau plazaratzeko Talka izeneko disko etxe berria ere sortu dutela, bere garaian aurreko egitasmoak gauzatzeko egin behar izan zuten moduan.
Pozez eta grinatsu ageri zen Fermin aurkezpenak egitean, nahiz eta argi utzi zigun jamaikar historia eskolak eta reggae irakaspenekin tartekatutako solasean ez zuela mementoz bira erraldoi bat antolatzeak eta gauzatzeak sortzen duen nekeari aurre egiteko adinako adorerik.
Dagoeneko badira hiru urte Fermin Muguruzak eta Manu Chaok bat egin eta Jai Alai Katumbi Express bira zirraragarria egin zutenetik, eta artistak esana zuen -horrela ulertu genion behintzat- ez zela berriro errepidera aterako. Orain, artistak berak esan du -edo 007 zen- «never say never again», eta dagoeneko abian da lau hilabetez lau haizetara zabalduko duen Talka 2007 bira.
Sua 18/98 sumarioko auzipetuei babesa agertzeko Bizkaiko erakustazoka berrian ospatu zen jaialdi hunkigarriak piztu omen zuen. Ikusleek agertutako beroa eta elkartutako musikari talde ederrari jarraipena eman behar zitzaion, irundarrak esan duen legez, zuzenekoak direlako eskura duen komunikazio bide eraginkorrena. Brigada berriak hamabi lagun elkartu ditu. Batetik «euskal blokea». Honakoan Sorkunen ahotsak, DZ disko jartzailearen platerek, Mikel Abregoren bateriak, Xabi Solanoren trikiak, Oskar Benasen gitarrak eta Fino, Lonbi eta Jon Elizalderen haize atalak osatzen dute. Internazionalismoa ikur duen taldeak Karibeko uharteetan aurkitu du osagarria. Kubatik Victor Navarrete, azaroaren hamaikan BECeko oholtzan lan bikaina egin zuen musikari gaztea eta Leo Rodriguez perkusionista. Jamaikatik, Franklin Bubbler Waul, Black Uhuru mitikoetan aritutako giltzadi-jotzailea, Ferminen hitzetan Kingstonen gehien harritu zuen musikaria, eta Stephanie Wallace ahotsetan, Anthony B artista ezagunarekin kantatutakoa.
Biraren hasiera Parisek gozatu zuen atzo gauean -Euskal Herritik kanpo Muguruza gehien babestu duen tokia omen da, Madrilekin batera-. Gaur Durangon eta bihar Donibane Garazin, MAK hip hop taldearekin batera, Irulegiko irratiaren aldeko jaialdian izango du segida, eta datorren asteburuan iritsiko da Atarrabiako Totemen txanda, Katalunia aldean eta Viña Rock jaialdian jo ostean -eskuin muturrekoek betiko leloarekin tematuta jarraitzen duten arren-. Maiatzean berriz, Amerikak hartuko du talka, Mexikon hasi (Festival Ollinkan de las Culturas en Resistenci), Venezuelatik pasatu eta Kuban bukatu harte (Festival de la canción necesaria). Bigarren txanpan, besteak beste, Japonia eta Errusiara joatekotan omen da taldea, udan jaialdi erraldoietan bukatzeko. Bilbon, esaterako, Bilbao BBK Live Festivalean joko dute Red Hot Chili Peppers eta Fishbone taldeekin batera, ekainaren hogeita bian.
Atzera begira
Berritsu eta ipurterre, odola eta burmuina irakiten ditu oraindik Fermin Muguruzak. Atzera begiratu eta, gure tabernetako musika entzunez gero atzo goizeko kontuak diruditen arren, lekutan daude Kortaturekin ezagutu genueneko garaiak. Cicatriz, Jotakie eta Kontuz Hi! taldeekin lehenengo lana partekatu ostean beste hiru disko plazaratu zituen hirukoteak, zuzenekoarekin agurtu aurretik. Euskara ezinbesteko ikusi eta bere aldeko apustu garbia egin zuten orduan Triku-rekin batera taldea osatzen zuten Fermin eta Iñigo anaiek, gerora egitasmo berrietan mantendu duten hizkuntza zaharra berreskuratuz. Horra gure protagonistaren musika jarduna ulertzeko gakoa.
The Clash miresten zuen Kortaturen ska eta punk doinu bizkorrak alboratu -huts eginiko irakasgaia da zor diguten itzulera- eta Negu Gorriak superbanda sortu zuen orduan Ferminek, Iñigo anaia, Kaki Arkarazo eta Mikel Abrego eta Kazalis musikari bikainekin batera, hip hop saiakerak egitera ere ausartuz -puri-purian zen orduan Public Enemyren etorria-.
Bide berriak zabaldu zituen Negu Gorriak taldeak, baita autoekoizpenari dagokionez ere, eta izen bereko diskoarekin Oihukan debuta plazaratu ostean Esan Ozenki disko etxea sortu zuten 1991n, «Gure Jarrera» bigarren lan luzea argitaratzeko. «Gora Herria» maxiaren ondotik «Borreroak baditu milaka aurpegi» sakona atera zuten, azal beltzeko diskoa, eta 1994ko zuzenekoa hurrena, Bilbon grabatua. Baikorragoa zen «Ideiak Zabaldu», berrirakurketez osatutako «Salam, Agur» azkenekoari bide egin ziona. Honez gainera, «Ustelkeria» izeneko lan berezi bat ere plazaratu zuten Rodriguez Galindo txapeloker anker eta ustelaren auzia garaitu izana ospatzeko. Dut hirukote hondarribiar trinkoarekin elkartu zen gero irundarra, eta «Ireki Ateak» indartsu eta bortitza izan zuen emaitza elkarlanak.
Kronista baten modura hamabost urteko musikagintza bildu zuen «Amodio eta gorrotozko kantak/Canciones de amor y odio (1984-1998)» bilbuman, bakarlari abiatu aurrean. Urrats berriak egin nahian beti, mende bukaeran «Brigadistak Sound System» harribitxia heldu zitzaigun, egindako lan eskergaren ondorio. Koloretsu eta bero dator orain Ferminen musika, goxo-goxo dantzatzeko egina. Kantu bakoitza munduko punta batean ekoitzia da, makina bat talde eta musikariren laguntzarekin: Radici Nel Cemento, Mad Professor, Manu Chao, Aztlan Underground... Norabide aldaketa, beraz, dub eta reggae soinuetara. Bide beretik heldu zitzaigun «FM 99.00 Dub Manifest», eta barrenkoiagoa da agian hirugarrena, «In-Komunikazioa», Metak disko etxearekin plazaratua -lehenengo eta hirugarren bakarkako disko hauek badute erremix lan bitxi bana ere).
2004an Jai Alai Katumbi Express bira bizia landu zuen -Manu Chaoren laguntzaz eta eskuin muturrekoen oztopoei aurre eginez-, eta Bartzelonako Apolo aretoan zuzenean grabatutako diskoan eman zuen urte berean. Kolaborazioetan oparoa, izan Hertzainak edo Amparanoia, izan Albert Pla edo Peret, gaztetxoentzat ere ondu du musika, tartean «Xomorroak: bizitza lorontzian» ikuskizunerako lanean.
Kingston aldera joan aurretik Fire Department hirukotea ere gozatu genuen zuzenean eta aspaldian Dj Laia gisa edo Milakabilaka ekimenaren kantuan agertu den Muguruzak kantu berriak prest omen ditu. Ea zer asmatzen digun oraingoan.
Anartz BILBAO
Sarri musika joera berrietara zabaltzea kostatzen bazaigu ere, Metak disko etxeak saiakera politak utzi zizkigun arlo horretan ere. Horren adierazle dugu M.A.K. taldearen «Suari Darion Kea», 2005ean plazaratua. Mikrofon Addikt Klan, 2003an Ziburu inguruan sortutako boskoteak hip hop mezuak erabiltzen ditu. Lau kantari eta Dj batek osatzen dute euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz eta katalanez kantatzen duen taldea. Herensugea ikur legez darabilen taldeak gazteria iratzarrarazi nahi omen du suari darion keaz. Helburu horrekin abestuko dute larunbat honetan ere Donibane Garaziko Jai Alain Irulegiko irratiaren aldeko jaialdian, Ferminen aurretik.
Amets bat bete zuen Fermin Muguruzak Kingstonen reggae diskoa grabatzean.
Durango:
Bihar
22.00etan Plateruenan.
12/15 euro.
Donibane Garazi:
Etzi, larunbata.
21.00etan Jai Alain.
12/15 euro.
Gehi M.A.K.