Ahotsa aldatu zitzaigun egunekoa
Blanca IZKUE
Musikagintzako langilea
Gogoratzen al duzue zer musika mota aditzen zenuten nerabe garaian? Nire hirian heavya zen nagusi. Geroxeago euskal rocka sortu eta errotu zen. Urteak pasa eta, harrigarria eta esanguratsua bada ere, musika horrek ez du gaurkotasun apurrik ere galdu. Musika talde historikoz gaude inguratuta, orain inoiz baino gehiago.
Ahotsa aldatzen ari zaion iloba batek bere gelako gehienek Iron Maiden biziki maite dutela esan dit. «La naranja mecánica» filma ere berriki ezagutu dute, eta harekin flipa egiten ari dira koadrilakoak. Pertsonaia eskizofreniko horien itxura estetikoa bereganatu zuen The Adicts taldea ezagutzea falta zaie soilik. Zer pentsatua eman dit gazteak esandakoak: edo gu sekulako zorte onekoak izan gara musikaren urrezko garaia bertatik bertara ezagutu dugulako, ala zaharrak berriko garaia bizitzen ari gara, talde berriek tokia aurkitu ezinik dabiltzala, klasikoetara jo behar baitugun derrigor. Uda honetan, hain zuzen, Iron Maiden Bilboko jaialdi handi batean ikusteko aukera izanen dute nerabeek -sarrera erosteko sosik lortzen badute, behintzat-.
Denbora ihesi doa erremediorik gabe gu denok zahartzaroko bidean jarriz, deabruarekin ala Corporacion dermoesteticarekin kontratua sinatuta ez baduzu, behintzat. Baina musikaren munduan badira zenbait abesti eta zenbait talde zahartu beharrean betiko klasiko bilakatzen direnak.
Urteen erasoa gainditu duten talde asko ditugu indarrean oraindik ere. Hauek zorrotz kritikatzeko joera handia dugu baina, nire irudiko, sormenak dirauen bitartean gaztetasunak ere irauten du. Zalantzan egon naiz The Who, iaz ikusi ondoren, aurten ere ikustera joanen ote naizen. Azkenean joatea deliberatu dut: aiton horiek berriro taula gainean ikusteak merezi izanen duelakoan nago. The Rollings-ekin beste hainbeste: eszenatokietatik betiko aldendu aurretik, edo zergatik ez esan, hil aurretik ikusteak nahitaez merezi behar du.
Zergatik agure hauek oraindik ere taula gainean?. Diru beharrik ez dute. Zertarako, orduan, disko berririk grabatu, munduan barrena birak egiten jarraitu? Eszenatokiak eragiten dien zirraragatik behar du izan, indarberritzeko odol aldaketa bezain eraginkorra den zirrara hori. Honela omen dugu panorama: talde berriak lekukoa hartu ezinik, ahotsa aldatu zitzaigun garaiko musikariak nagusi.