Iturramako gazteriak eskubideak aldarrikatuko ditu larunbateko ekimenean
Iruñeko Iturrama auzoko Segik, Gazte Asanbladak eta Ikasle Abertzaleek eskubideak babesteko lanean tinko jarraituko dutela jakinarazi eta larunbateko manifestazioan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.
GARA |
Heldu den larunbat eguerdian eskubideak aldarrikatzeko manifestazioa abiatuko da Nafarroako hiriburuko autobus geltokitik, eta Iturramako gazteriak hitzordu horretara joateko eskatu zien atzo auzotarrei, «une oro zapalduak garen gazteon aukera bakarra eskubideen defentsan lanean jarraitzea baita».
Iturramako Segiren, Gazte Asanbladaren eta Ikasle Abertzaleen arabera, «inposatzen diguten sistema neoliberala» da egoera tamalgarri horren erruduna. «Prekarietatera kondenatuta gaude, gutxi batzuen interesak bakarrik kontuan hartzen dituen eredu kapitalista dago indarrean, eta edozein arlotan jasaten dugu errepresioa», azaldu zuten institutuan emandako prentsaurrekoan.
Zapalkuntzaren adibideak
Iturrama auzoan arreta jarri eta eskubideen urraketa eguneroko bizimoduan islatzen dela ohartarazi zuten hiru taldeetako lagunek, eta hainbat adibide eman zuten «garapen askerako muga» horiek azaltzeko.
Errate baterako, ikasleek adierazteko, antolatzeko, biltzeko, euskaraz ikasteko eta greba egiteko dituzten zailtasunak aipatu zituzten, baita Iturrama BHI institutuko zuzendaritzaren «jarrera autoritarioa eta mehatxuak» ere. Hiru hilabete iraun zuen Tximista gaztetxea ere ekarri zuten gogora: «Autogestioaren eta bizi eredu askatzailearen aldeko apustua egin genuen, baina Udalak itxi egin zuen gaztetxea. Enpresa pribatuek kudeatutako proiektu baztertzaile eta elitistak inposatu dizkigu, eta horietan gazteriak ez du ezer egiterik eta esaterik». Ekimenak gauzatzeko trabak jartzen dizkietela adierazi eta gazteek gestionatutako lokal baten beharra nabarmendu zuten.
Iturrama Iruñeko auzorik garestienetakoa dela eta kanpora bizitzera joan beharra dutela ere azaldu zuten. «1.000 etxe baino gehiago daude hutsik eta, gainera, ezer eraiki gabe dagoen alde bakarrean luxuzko etxeak egiteko asmoa daukate», salatu zuten. Aldi baterako lana eskaintzen duten enpresa ugari dagoela ere kritikatu zuten, «baldintza kaskarretan lan egin dezagun».
Iturramako auzotarrek bezala, Askatasunak ere Nafarroako gazteek heldu den larunbaterako prestatu duten manifestazioari atxikimendua eman zion atzo, eta azken hilabeteotan jazarpena areagotu egin dela salatu zuen: «Ezker abertzalea Euskal Herrian beste eszenatoki bat eraikitzeko borondate osoa erakusten ari den honetan, euskal gazteria Estatu espainoleko errepresio tresnen jo puntuan dago. Horren adibide da Jarrai, Haika eta Segi taldeen aurkako epaia, antolatzeko eta etorkizunaren alde borrokatzeko eskubideak kriminalizatu dituena».
Epai hori eman zutenez geroztik, poliziakideen errepresioa handiagoa da Askatasunaren aburuz. Gazteak atxilotu eta identifikatu dituzte mobilizazioetan parte hartzeagatik edota Segiren elastikoa janzteagatik, pintadak egitea leporatu eta txostenak bidali dituzte Auzitegi Nazionalera... Udaltzainek, guardia zibilek eta Polizia Nazionalak, denek egin dute bat, Askatasunaren arabera, Nafarroako gazteriaren aurkako borrokan. Errepresioaren aurkako elkarteak argi du egoera hori amaitzeko Euskal Herriak esparru demokratiko berri bat behar duela.