GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Pamplona por el civismo» udal ordenantza bertan behera uzteko eskatuko dute

GARA |

Iaz onartu zuen Iruñeko Udalak «Pamplona por el civismo» udal ordenantza. Nafarroako hiriburuko kaleetan egiten den jarduera eta ekimen oro arautu nahi ditu hark. Alabaina, ordenantza hori askotan erabili izan da aitzakia modura hiritarrek berek prestatu eta garaturiko proiektuak -maiz Udalaren jokabidea salatzea helburu zutenak, baina ez beti- zapuzteko.

Hori dela-eta, gaur arratsaldean egingo duten Iruñeko Udaleko azken osoko bilkuran mozio bat aurkezteko asmoa dutela adierazi dute Iruñeko auzoetako Koordinadorek. Izan ere, horiek izan baitira kaltetuenetako batzuk; gogoratu besterik ez dago azken urteetan ordenantza hori oinarritzat hartuta Olentzeroa antolatzeagatik jarritako isunak.

Mozio horretan, esan dutenez, «Pamplona por el civismo» ordenantza indargabetzeko eskatuko dute. Horretan, Udaleko hainbat alderdi politikoren sostengua izango dutela esan dute, atzoko azken orduan oraindik eragile politiko horiek zenbat eta zeintzuk izango diren zehaztu gabe baldin bazegoen ere.

Mozio horrek, ordea, eduki gehiago ere izango du, auzoetako Koordinadorek jakinarazi dutenez. Izan ere, horren bitartez «Udalaren eta Koordinadoren artean harreman sare bat sortzeko premia eta Olentzeroak antolatzeagatik jarritako isunak kentzeko eskaria» helaraziko baitiote.

Identifikazioak eta trabak

Bestalde, Askatasuna ere «Pamplona por el civismo» udal ordenantzaren aurka oldartu da, haren esanetan «herri mugimenduaren jarduera oztopatzea eta adierazpen askatasuna akabatzea» baitu helburu.

Udaletxearen inguruan egindako azken bi prentsaurrekoetan gertatutakoa salatu du Askatasunak, horietan parte hartzen ari ziren hainbat herritar identifikatu baitzituzten udaltzainek «zibismoaren aldeko ordenantzaren arabera debekatuta dagoelako kalean agerraldi publikoak egitea baimenik eskatu gabe», errepresioaren aurkako taldeak azaldu duenez. SOS Arrazakeriako kideak identifikatu zituzteen lehenengo, eta Txantreako bizilagunak ondoren. «Adierazpen askatasuna UPN-CDNren jomugan dago», salatu du Askatasunak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo